June Arbeok eta David Garciak irabazi dute Markina-Xemeingo III. Kros Mistoa
Guztira 19 bikotek egin dute aringa-aringa; Iñigo Ansola Kareaga eta Lide Azkue Iruretagoiena izan dira herriko lehenengoak

Hirugarren Kros Mistoa jokatu zuten atzo [martxoak 24] goizean, Markina-Xemeinen. Aurten giro ederrak lagunduta egin dute korrikalariek 5 kilometroko ibilbidea. Guztira, 19 bikotek egin zuten aringa-aringa, 38 parte hartzaileetatik 16 izan ziren herrikoak. Horiez gain, Durango, Iurreta, Eibar, Aulesti, Ondarroa, Lekeitio, Aizarnazabal, Zarautz, Billabona, Aretxabaleta, Gernika-Lumoko kirolariak batu zituen kirol probak.
Denen artean helmugara heltzen lehenengoak David Garcia Gil durangarra eta June Arbeo Sarriugarte iurretarra Durangaldea Running taldeko korrikalariak izan ziren; 18 minutu eta 49 segundo behar izan zituzten ibilbidea amaitzeko. Euren atzetik, 19.15 denbora eginda, Aitziber Urkiola Zendoia eta Jon Illarramendi Errasti eibartarrak sailkatu ziren. Hirugarren postua, berriz, Iñigo Ansola Kareaga eta Lide Azkue Iruretagoiena markina-xemeindarrarentzat izan zen (20.26).
Iaz hirugarren postua lortu zuten Izaro Aranburu Rementeria eta Aitor Antsotegi Ikazuriaga aulestiarrak (20.49) ere lasterketa bikaina egin zuten, eta laugarrenak izan ziren Zelaiko helmugatik igarotzen.
Markina-Xemein inguruetatik korrikan egin ostean, Arkupean egin zuten sari banaketa. Lehen hiru bikote sailkatuek herriko produktuez osatutako oparia jaso zuten.