Markina-Xemeingo 'Akerbeltzen Antxumak' Bizkaiko Taldekako bigarren faserako sailkatu dira
Zazpi talderen artean jokatuko da bigarren fasea martxoaren 27tik maiatzaren 13a bitartean.

Asteburuan jokatutako kanporaketa biekin amaitu da Bizkaiko Taldekako bertso txapelketako lehenengo fasea. Markina-Xemeinen jokatu den saiotik Akerbeltzen Antxumak taldeak lortu du hurrengo faserako sailkapena eta Igorreko saiotik Miotako bidelapurrak taldeak. Eneko Arrate Sololuze, Graxi Arregi Leonardo, Irati Brabo Bereinkua, Jone Antsotegi Ikazuriaga, Joseba Sololuze Urizarbarrena, Josune Aramendi Perez, Maddi Ibaibarriaga Zubikarai, Nahia Ibarzabal Gisasola, Naroa Loiola Lejardi eta Nerea Ibarzabal Salegi dira Akerbeltzen Antxumak taldeko partaideak.
Barikuan [martxoak 22] jokatu zen kanporaketa Markina-Xemeinen. Larrabetzuko Itallen, Busturialdeko Dolu Gabe eta Markina-Xemeingo Akerbeltzen Antxumak batu ziren, eta giro ederrean jokatu zituzten kanporaketako hiru saioak. Lehen saioa Buztarri tabernan burututa Akerbeltz Gaztetxean egin ziren hurrengo bi saioak, afalostean. Larrabetzuko Itallen eta Busturialdeko Dolu Gabe aritu ziren Buztarrin, eta Akerbeltzen Antxumak taldearekin aritu ziren biak gaztetxean. Hiru saioak amaituta, talde bakoitza saio bateko irabazle geratu zen, eta beraz, puntuazio orokorra eduki zuten kontuan aurrera zein taldek egiten zuen erabakitzeko. Orokorrean Markina-Xemeingo taldeak zeukaten puntuazio handiena.

Bizkaiko Taldekakoaren saioa Markina-Xemeingo Buztarri tabernan. Argazkia: ‘Akerbeltzen Antxumak’
Akerbeltzen Antxumak taldeagaz gainera, beste sei talde sailkatu dira bigarren fasera: Durango-Iurretako Tronperrieta, Mungiako Taket, Wnkarteri Ezkerraldeko Far Westeko bertsolariak, Busturialdeko Zahar-alive, Abadiñoko Koipelustre´s eta Berriz-Elorrioko Miotako bidelapurrak.
Bigarren fasean hiru kanporaketa jokatuko dira, martxoaren 27tik maiatzaren 13a bitartean, eta finala maiatzaren 25ean izango da.