Aurrera doaz Lekeitioko Garraitz irla parke arkeologiko izendatzeko izapideak
Parke Arkeologiko izendapenak uhartea "balioan jarri, babestu eta Lekeitioko paisaian barneratuko" lukeela esan dute Lekeitioko Udalak eta Atabaka elkarteak.
Azken urteetan Garraitz irla (San Nikolas bezala ere ezagutua) balioan jartzeko elkarlanean ari dira Lekeitioko Udala, Atabaka elkartea eta Aranzadi zientzia elkartea. Hala, otsailean, irla parke arkeologiko izendtzeko eskaera egin zieten Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari.
Eskaera horren harira, gaur [martxoak 26], Garraitz irla bertatik bertara ezagutzen egon dira Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lorea Bilbao Ibarra Euskara eta Kulturako foru diputatua eta Andoni Iturbe Amorebieta Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusia. Hirurek orain arte irlan egindako aurkikuntzen inguruko xehetasunak ezagutu dituzte Atabakako, Aranzadiko eta Lekeitioko Udaleko ordezkarien eskutik. “Bisitarien helburua izan da irlan dauden hiru gune arkeologikoak ezagutzea“, zehaztu dute udal ordezkariek.
Garraitz Lekeitioko eta euskal kostaldearen gune esanguratsuenetarikoa dela azpimarratu dute. “Tamainari dagokionez txikia bada ere (6,5 hektarea), bere hegaletan ondare natural eta kultural aberatsa dauka, eta horregatik, erreferentea da euskal itsasertzean”. Parke Arkeologiko izendapenak uhartea “balioan jarri, babestu eta Lekeitioko paisaian barneratuko” lukeela diote. “Gure herriko ondare garrantzitsua da”. Horrez gain, izendapen horrek ikerketa, kontserbazioa eta elkarlana ere sustatuko lituzkeela diote.
Gaur egun Garraitz irlari buruzko txosten botanikoa egiten dabiltza Atabaka, Lekeitioko Udala eta aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko saila. “Txosten horren bidez, Garraitz uharteko landaretza eta egungo kontserbazio egoeraren ezagutza handitu eta ondare botanikoa berreskuratzeko eta mantentzeko kudeaketa ereduak proposatu nahi dira”. Horrez gain, udalak eta Atabakak Garraitz 25 proiektua deritzon egitasmoa aurkeztu dute aldundian; proiektuaren helburua Garraitz uharteko multzo monumentala dokumentatzea eta horri balioa ematea dela azaldu dute.
Ondasun historikoak era askotakoak direla eta sakabanatuta daudela jakinda, eta horiek erraz bisitatu ahal direla kontuan edukita, Garraitz uhartearen multzoa parke arkeologikotzat hartzea egokiena litzatekeela diote
Gaur egunera arte uhartean aurkitu diren aztarna arkeologikoen egiturak Erdi Aroa amaierakoak, Aro Modernokoak eta Garaikidekoak dira (XIV. eta XIX. mendeak). “Dena dela, ezin da baztertu etorkizunean Erromatarren Aroko okupazio bat aurki daitekeenik, hau da, Lekeitioko hiribilduaren inguruan aurkitu denaren modukoak”.
Euskal Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 44. Artikuluan honakoa ezartzen da: “Euren azterlanerako arkeologi metodologia erabiltzea beharrezko izan dadineko ondasun higigarri edo higiezinekoak daudeneko toki guztiak joko dira arkeologi aldetzat. Edonork bisitatzeko moduan dauden ondakin-multzo eta arkeologi-aztarrenak arkeologitegi direla joko da”. Ondorioz, ondasun historikoak era askotakoak direla eta sakabanatuta daudela jakinda, eta horiek erraz bisitatu ahal direla kontuan edukita, Garraitz uhartearen multzoa parke arkeologikotzat hartzea egokiena litzatekeela diote.