'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpaina abian dago Ondarroan eta Lekeition
Irakurzaletasuna sustatzeko egitasmo berezia maiatzaren 31ra bitartean gauzatuko da Ondarroako Txomin Agirre udal liburutegian eta Lekeitioko udal liburutegian.
Egitasmoa Euskaltzaleen Topaguneak abiarazi du, tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, udalen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker. Ondarroan eta Lekeition ez eze, Euskal Herriko beste 32 herritan ere abiatu dute kanpaina.
Kanpainaren helburu nagusia euskarazko liburuen irakurzaletasuna sustatzea da, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz. Aldi berean, liburutegien erabilera bultzatu, euskarazko literatura ezagutarazi, euskal liburugintza indartu eta herritarrek kultur kontsumoan euskararen presentzia indartzea ere nahi dute ekintzagaz.
Hain zuzen ere, parte hartzea saritzen du egitasmoak, eta euskarazko liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanaz, herritarrak euskarazko libururen bat opari bihurtzera gonbidatzen ditu.Kanpainan parte hartu nahi dutenek Ondarroako Txomin Agirre udal liburutegira edo Lekeitioko udal liburutegira jo beharko dute, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu.
Liburua irakurri eta liburutegira itzuli ostean, liburutegian irakurle fitxa bat egingo diote, nahi izanez gero bete dezan. Fitxa hori beteta, liburuzainak euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango dion txekea emango dio irakurleari; liburu bakoitzeko txeke bat lortu ahal izango da.
Liburutegian jasotako erosketa txekeak, berriz, hitzartutako liburu dendetan erabili ahal izango dira ekainaren 15era arte. Ondarroan Idiakez eta Zurrumurrun ibili daitezke erosketa txekeak, eta Lekeition, aldiz, Aralden.
Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30 euroko balioa duen beste txeke baten zozketa ere egingo dute, “hilabete horretan irakurle fitxa bete dutenen artean”. Txeke berezi horrek, besteek moduan, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.