Mutrikun egin dute Xisteraren urteko batzar orokorra
Xisterako bazkideak Mutrikuko Zabiel jauregian batu ziren domeka [martxoak 24] goizean. Eta elkarteko arduradunek nabarmendu dutenez, giro onean egin zuten urteko batzar orokorra.
Hainbat gai eztabaidatzearekin batera, aurrera begira egingo diren hainbat berrikuntzen berri ere eman zuten. Aurrerantzean, besteak beste, gizonezkoetan maila nagusiaren eta gazte mailakoaren ordez, Lehen, Bigarren eta Hirugarren mailak egongo dira, dagokien igoera eta jaitsierekin. Era berean, gizonezkoetan kadeteak ere hasiko dira jokatzen.
Emakumezkoetan, berriz, ez da aldaketarik egongo; iaz modura, aurten ere zirkuitu berezia jokatzeko aukera edukiko dute emakumezkoek. Hori bai, urte gutxi barru beste maila bat gehiago egotea espero dute Xisterako arduradunek.
Berritasunen artean, gainera, Xistera proiektua bera ere zabaltzen ari da. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ordezkariez gain, Bartzelonako Vasconia taldea ere Xistera proiektura batu da. Domekako Batzar Orokorrean ahoz batez onartu zuten Herrialde Katalanetako talde bakarraren eskaera.