Gure Esku Dago prest dago domekan etapa berriari hasiera emateko
Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek bozeramailetzaren lekukoa esku berrietara pasako dute. Egun horretan ezagutaraziko dituzte bozeramaile berrien izenak
Egin dezagun bidea lelopean, Gure Esku Dago-k hurrengo dinamika aurkezteko ekitaldia egingo du Bilboko Euskalduna jauregiko auditorium nagusian, domekan [martxoak 31], 12:00etan. Berrikuntzak eta hainbat ezusteko iragarri dituzte. “Pauso berriak eta eraginkorrak emateko determinazioarekin, etapa berri bati ekitera goaz. Martxoaren 31n Euskaldunan espero zaituztegu bidelagun guztiok!”
Erabakiaren aroa hasita, hurrengo fasea “orain artekoa baino are garrantzitsuagoa” izango dela nabarmendu dute. Eta egindako ibilbidea balioan jarri eta etorkizunerako erronkak plazaratzeko unea ailegatu dela aitortu dute. “Orain arte ezinezko asko bihurtu ditugu posible, hala ere garrantzitsuena ez da zer egin dugun, zer egitera goazen baizik”.
Ekitaldian, gainera, ia sei urtez bozeramaile lanetan aritu ostean, Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek bozeramailetzaren lekukoa esku berrietara pasako dute. Egun horretan ezagutaraziko dituzte bozeramaile berrien izenak, baina GED-k kaleratutako spotean jadanik ikusi ahal izan dira haien aurpegiak.
Oiarbidek eta Nikolasek lehen lerroko kargua utzi badute ere, mugimenduaren barruan jarraituko dute, zuzendaritza kotseiluko kide izango dira aurrerantzean. Aurpegi eta ahots berriak aurkeztearekin batera, gainera, zuzendaritza kontseilu berria osatuko duten kideak ere jakinaraziko dituzte domekako ekitaldian.
Ekitaldian parte hartzeko gonbite zabala egin dute dinamikako arduradunek. Ekitaldira joan nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena Gure Esku Dago-ren webgunean. “Ia sei urte hauetan bidelagun izan zaitugu, eta bihotzez nahi dugu ekitaldian parte har dezazun”.Euskaldunara joan ezin direnentzat, berriz, ekitaldia zuzenean emango dute, osorik.