Markina-Xemeingo EAJk herritarren beharrak eta iritziak ezagutzeko galdetegi bat banatuko du
Luis Egurrola Arakistain EAJren Markina-Xemeingo zerrendaburua Goiko Portalean egongo da eguen [martxoak 28] goizean eta zapatu [martxoak 30] goizean, "herritarren ekarpenak bertatik bertara jaso eta haiekin egoteko".
Markina-Xemeingo EAJk herritarren beharrizanak eta iritziak bertatik bertara ezagutzeko galdetegi bat prestatu duela jakinarazi du. Azaldu dutenez, herritarrek euren etxeetan jasoko dute galdetegia. “Galdetegiaren helburua da herritarrek dituzten beharrizanak eta iritziak zuzenean ezagutzea”. Nahi duenak, gainera, galdetegia izenik jarri barik bete ahal duela esan dute.
Egurrola eta haren lantaldea programa lantzen ari dira hauteskundeetara begira, eta herritarren iritzia ezagutzea “ezinbestekoa” dela esan dute. “Hori da errealitatera hurbiltzeko bidea”. Egurrolak gaineratu du Markina-Xemein “denen” herria dela. “Gu guztiona da, eta denontzako herria izatea ere nahi dugu. Ideia, sentsibilitate eta kultura desberdinek euren tokia izango dute herrian. Erronka izugarria da, baina ekinaren ekinez lortu daitekeena”.
Herritarren beharrizanak aurrez aurre ezagutzeko eta haiekin egoteko, Egurrola Goiko Portalean egongo da eguen goizean (martxoak 28), eta Arkuetan zapatu goizean (martxoak 30); galdetegia banatu eta herritarrekin egongo dela esan du. “Markina-Xemeingo EAJk ahalegin berezia egin nahi du hauteskundeak parte hartzaileak izateko eta ahalik eta herritar gehienen nahiak, premiak eta iritziak jasoko dituen programa bat prestatzeko”.
Bestalde, galdetegia betetzen dutenek alderdiari helarazteko hainbat modu daudela esan dute:
- Eskura: eguenean eta zapatuan (martxoak 28-30) EAJko zerrendakideei eskura ematea kalean.
- Posta elektronikoz: luis.egurrola@eaj-pnv.eus.
- WhatsApp bidez: 688 60 74 10 (nahi duenak telefono deia ere egin ahal du).
- Posta arruntez: Markina-Xemeingo Correosen buzoietan sartuta.