Stephane Cote hezkuntzan adituak Lekeitioko Azkue Ikastola bisitatu du
Quebeceko aditu eta ikerlaria Euskal Herrian da egunotan, eta hainbat hezkuntza zentro bertatik bertara ezagutzen ari da. Ikastolen Elkarteak barikuan Bilbon egingo dituen jardunaldietako hizlarietako bat da.
Hezkuntzan elkarERAGITEN jardunaldiak antolatu ditu Ikastolen Elkarteak, eta bi barikuz jarraian, gelaren kudeaketa arrakastatsua eta norberaren eta bestearen arrakastaren garapenaren arteko loturak izango dituzte hizpide.
Bariku honetan Bilboko Bizkaia Aretoan dute hitzordua, eta bertako hizlari nagusia izango da Stephane Cote quebectar aditua. Gelako kudeaketa garapen arrakastatsuari lotutako jakite, egiten jakite eta izaten jakiteak garatuko dituzte berarekin. 3.0 pedagogian irakaslea eta aditua ere bada, eta egunotan Euskal Herrian dagoela aprobetxatuta, zenbait hezkuntza zentro bisitatzeko tartea hartu du. Gaur eguerdian, esaterako, Lekeitioko Azkue Ikastolan egon da bertako hezkuntza eredua bertatik bertara ezagutzeko.
Talde lana nabarmendu du; irakasle denen artean zelan lan egiten duten ikusteak harreta deitu diola aitortu du: “Modu indibidualean lan egiten ikustera ohituta nago, eta hemen elkarrekin lan egiten saiatzen dira. Informazio trukatzearekin eta abarrekin lortzen dute denek batera aurrera eroatea eta gauza gehiago sortzea”.
Halako espazioetan sortzen den zaratak kezkatzen duela esan du, baina, konturatu da “zarata pedagokikoa” zela. Hau da, zarata umeak lanean ari zirelako sortutako zarata zela, eta ez bakoitza bere kontura ari zelako edota arreta beste nonbaiten zutelako. Hain zuzen, espazioen banaketarekiko interesa agertu du quebectarrak: “Hemen daukaten egiturarekin, espazio banaketarekin, gauza asko egin litezke. Ezohikoa da, eta ikaragarria da. Era berean, ezohiko egoera da ikasleen lan jarduna ere”.
Cotek orokorrean hezkuntza sistema zelan hobetu aztertzen du, bai eta irakasleen esku hartzea eta irakasleen jarduna zelan hobetu ere. Hezkuntza sistemak aztertzen dituen halako aditu bat euren ikastolan egotea ohore bat dela adierazi dute Azkue Ikastolako irakasleek: “Oso positiboa da; beste iturri batetik edatea da. Gure ideiekin bat etorri da. Hemen ikusitakoa hara eroan nahi duela esan digu, baina, zailtasunak ikusten ditu”.