Ondarroako Udala txakur errolda eguneratzen hasi da
Errolda eguneratzeko aukera gaur [martxoak 28] eta bihar [martxoak 29] edukiko dute herritarrek, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, udaletxearen sarreran.
Deialdiari erantzun dioten herritarrak asko izan dira, eta 11:00etan ateak zabaldu orduko, Musika Plazan hainbat herritar zain zeuden udalak bidalitako gutunak eskuan.
Udalak herritarrei helarazitako gutunak, baina, nahastea ere sortu du hainbat herritarren artean, eta galdezka hurreratu direnak ere asko izan dira. Kanpainaren arduradunak duda horiek argitzen saiatu dira, ahal izan duten neurrian. Nabarmendu dutenez, txipa jarrita eta osasun kartila egunean dutenen animalien kasuan ez da ezer egin behar. “Txipa ipinita duten txakurrak Euskadiko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean izena emanda daude, eta horiei buruzko informazioa zuzenean helarazten digute”.
Era berean, hilda dauden txakurren baja ematea ere beharrezkoa dela gogorarazi dute. “Txipari baja eman dioten jabeek ez dute ezer egin beharko, bestelakoan bertora hurbiltzea komenigarria da, errolda behar bezala eguneratzeko”. 20 urte baino gehiago duten animaliak zuzenean emango ditu bajan udalak, “adin horregaz bizirik egotea ia ezinezkoa delako”.
Alta edo baja eman behar dutenen kasuan, gauzak errazteko, bertaratuei animaliaren osasun kartila eramateko gomendatu diete, bertan agertzen baita txipari buruzko informazio guztia. “Eskatu modura, jabe asko etxera bidalitako gutunagaz etorri dira, baina gauzak errazteko, txiparen datuak eskura edukitzea lagungarria dela esan digu albaitariak”.
Amankomunazgoak eta udalak, gainera, erraztasunak jarri nahi izan dituzte, eta errolda egiterako orduan, nahi dutenek txakurrari mikrotxipa prezio berezi batean ipintzeko aukera ere badute.