Uxue Amonarriz Zubiondo: "Presioa gainetik kendu eta guri gustatzen zaiguna egiten ikasi dugu"
Huntza taldeak ‘Xilema’ bigarren diskoa aurkezteko kontzertua eskainiko du barikuan (martxoak 29), 22:30ean, Ondarroako Beikozinin; Ebri Knight taldea entzuteko aukera ere egongo da.
Zer biltzen du Xilema zuen bigarren diskoak?
Xilema da landareen garraio sistemako parte bat. Gizakiok arteriak eta zainak ditugun moduan, landareek xilema eta floema dituzte. Landareek lurretik xurgatzen dituzten gauzak, ura edota gatz mineralak esaterako, garraiatzen ditu landarearen parte guztietara. Guk egin nahi izan dugu halako metafora bat. Huntzaren xilema betetzen dute egon garen herri guztiek, ezagutu dugun jende guztiak, bide honetan lagundu diguten eta laguntzen jarraitzen duten jendeak, lagunak, familiak…
Beraz, orain arte bizitakoak eraman zaituzte bigarren lan hau sortzera.
Hori da. Orain arte bizitakoa baliatu dugu bigarren lan hau sortzeko.
Oraingoan, baina, ahotsari garrantzia handiagoa eman nahi izan diozuela esan duzue. Zergatik?
Bigarren lan hau landuagoa izan da. Lehenengo diskoa nahikoa arrapaladan, denbora tarte txikian egin genuen. Bigarren diskoan, baina, gure ahotsei garrantzia handiagoa eman eta dena gehiago landu dugu. Jendea asko fijatzen da ahotsean eta letran, eta horregatik egin dugu horrela.
Sorkuntza prozesuan lehenengo diskoak eragindako beldurrak eta presioak eduki dituzuela diozue. Ez dirudite bigarren lan bat sortzeko ezaugarri oso lagungarriak.
Guztia izan da ikasketa prozesu bat. Aldapan gora fenomenoa eta gero, bigarren diskoa egiterakoan presioa eduki dugu. Pentsatzen jarri ginen ea lehenengo diskoarekin bizitako fenomeno hori kasualitatea edo benetan ondo egiten dakigulako izan zen. Hori gainditzea ez da erraza izan. Taldean horren inguruan asko hausnartu dugu, eta alde horretatik batak besteari asko laguntzen diogu. Bat estresatuta badago, gauzak lasai hartu eta elkar laguntzen dugu. Ez dakit ona izan den, baina guzti horretatik ere ikasi egin dugu; presio hori gainetik kentzen eta benetan guri gustatzen zaiguna egiten ikasi dugu.
Zelan bizi izan zenuten Aldapan gora diskoak edukitako arrakasta?
Alde batetik polita izan zen, baina bestetik gogorra ere bai. Gauza guztietan modura, alde ona eta txarra daude. Nik uste hortik denetik ere bizitzako gauza asko ikasi ditugula. Modu batera esateko, heldu egin gaitu. Hasiera batean guregatik, guri gustatzen zitzaigulako egiten genuen. Orain, aldiz, guri gustatzen zaigulako egiten dugu, baina baita ere jendeari gustatzeko.
Eta oreka hori nola daramazue?
Ondo. Lehenik eta behin guri gustatzen zaiguna egiten dugu, eta gero, jendeari gustatzen bazaio ba oso ondo. Eta ez bazaio gustatzen ba… ondo baita! Gustatzen ez zaizkigun gauzak egiten hasten bagara gaizki goaz.
Zer dauka Huntzak horrenbesteko jai giroa pizteko?
Galdera zaila da. Neure buruari ere askotan galdetu izan diot hori. Doinu alaiak egiten ditugu, eta kontzertuetan ere ondo pasatzera joaten gara. Kantatzera, dantzan egitera, publikoarekin konektatzera… joaten gara, eta nik uste transmisio horretan zerbait asmatzen dugula. Baina ez daukagu formula bat.
Entzule batzuek diote hizkuntza ulertzen ez badute ere, zuen musika gustatzen zaiela. Zer diozu?
Musikak ez dauka hizkuntza mugarik. Alegia, guk euskaraz abesteagatik ez daukagu muga bat. Horrek ez du esan nahi euskara ulertzen ez duten beste lurralde batean ez gaituztenik entzungo. Musika alaia da gurea, eta jendeari gustatzen zaio, euskaraz zein errusieraz abestu.
Abenduan aurkeztu zenuten Xilema. Zer nolako harrera eduki du?
Ba oso ona! Ez nuen espero hain erantzun ona izatea. Oso gustura sentitu gara abesti berriekin. Jendeak, gainera, badakizki abesti batzuen letrak, eta horrek poztu egiten gaitu. Orain arte ez ditugu kontzertu asko ere eskaini, baina momentuz oso harrera ona eduki du, bai Euskal Herrian eta baita ere kanpoan.
Nola egingo zenuke barikuan kontzertura joateko gonbitea?
Etortzeko, ondo pasatuko dutela! Gainera, Ebri Knight talde katalanak ere joko du, eta haiek ere folk estiloko musika alaia egiten dute. Aukera paregabea da parranda polit bat egiteko.
Aurretik ere Ondarroan aritu izan zarete. Nolakoa da hemengo publikoa?
Ondarroakoa oso publiko ona da, beroa. Espero dugu Beikozinin ere berdina izatea.