200 txirrindulari gazte espero dituzte Gizaburuako V. BTT lasterketan
Domekan [martxoak 31] jokatuko dute Gizaburuagako Udalak eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteak elkarlanean antolatzen duten Gizaburuagako Eskolarteko V. BTT Lasterketa. Eguraldi ona dago iragarrita, eta aurreikuspenak betetzen badira, udaletxearen inguruko zelaietan 200 gaztetxo inguru batzea espero dute antolatzaileek.
Gizaburuagako Eskolarteko V. BTT Lasterketa domekan [martxoak 31] jokatuko dute, 11:00etan hasita. Baina antolatzaileek jakitera eman dutenez, parte hartzaileek ordubete arinago agertu beharko dute zirkuitu gunera, izena eman ahal izateko. Gogorarazi dutenez, Bizkaian federatuta dauden txirrindulariek edo Bizkaiko txirrindulari talde bateko kide diren 8 urtetik 14 urte bitarteko eskola umeek parte hartu ahal izango dute bakarrik proban.
Zirkuituari dagokionez, udaletxe atzeko zelai inguruetan ibiliko dira txirrindulari gazteak, urtero modura. Adinaren arabera egokitutako zirkuituari bueltaka ariko dira parte hartzaileak, eta zailtasuna ere handiagoa izango da. Gazteenek (12 urtera artekoek) 600 metroko zirkuitua eta nagusienek 1.200 metroko zirkuitua bete beharko dute.
Ohi modura, proba egiten lehenengoak gazteenak izango dira, eta azkenak, zaharrenak. Gazteenak zelaian zehar prestatu duten zirkuitua bete behar izango dute, eta nagusienak, zelaian zehar ezeze, bidegorrian zehar ere ibiliko dira. Bide gorritik pasa behar diren oinezkoei ordu horretan kontuz ibiltzeko eskatu diete.