Espainiar Estatuko Kultur eta Kirol Ministerioko ordezkariek Lekeitioko Mendieta ontziola bisitatu dute
Espainiar Estatuko Kultur eta Kirol Ministerioaren baitan dagoen Kultur Ondarearen institutuak Mendieta ontziolaren zaharberritze lanetan parte hartuko du, ontziolaren berreskuratzea ahalbidetuko duen lanketa batzuen bidez.
2018an Lekeitioko Udalak Mendieta Ontziolaren eta ondoko etxearen egonkortze lanak egin ostean, iaz Espainiar Estatuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak proiektua estatuko aurrekontuetan sartu zuen. Horren harira, Espainiar Estatuko Kultur eta Kirol Ministerioko ordezkariak Lekeitioko ontziolan egon dira gaur [martxoak 29] goizean.
Lekeitioko udalak jakitera eman duenez, Espainiar Estatuko Kultur eta Kirol Ministerioaren baitan dagoen Kultur Ondarearen institutuak Mendieta ontziolaren zaharberritze lanetan parte hartuko du, ontziolaren berreskuratzea ahalbidetuko duen lanketa batzuen bidez. Horrela, neurketa eta informazio gehiago bildu nahi izan dituzte gaurko bisitan. “Astelehenean ere, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak ontziola bisitatu zuten, horren berreskuratzea garrantzitsua ikusten delako euskal kostaldearen ondarea mantentzeko”. Lekeitioko Udal gobernuaren ustez, guztien erantzukizuna da monumentu hori “zutik eta baldintza on eta seguruetan” mantentzea.
Monumentua. Mendieta Ontziola eta ondoko etxea monumentu izendatu zituen Eusko Jaurlaritzak , 2010. urtean, eta euskal kostaldean mantentzen den itsas ondarearen azken eraikinetako bat da. Eraikinaren oinarriak, zati handi batean, estruktura originala izaten jarraitzen du.
2016tik aurrera, Lekeitioko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, lur-neurketak eta eraikinaren gune nagusiko egonkortasun lan batzuk egin zituen. 2017 eta 2018 urteetan aurrera eramandako bigarren fasean alboetako guneak egonkortu eta ondoan dagoen eraikinaren obra-hondakinak kendu zituzten. “Lan horiek ontziolaren estruktura mantentzera eta aurrerago egingo diren zaharberritze lanetara bideratuta daude”.
Udalak gogora ekarri duenez, 2018an, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, Mendieta ontziola berreskuratzeko exekuzio proiektua idatzi zuten, eta proiektua Trantsizio Ekologikorako Ministeriora bidali zuten 2018ko urrian, 2018ko Espainiar Estatuko aurrekontuetan partida bat zegoelako obra hauek hasteko. “Espainiar Estatuko 2019ko aurrekontuak ez zirenez onartu, 2018koak hartzen dira haintzat, eta beraz, proiektua aurrera doa, eta Euskal Herriko Itsasertz Mugartea lizitazioaren pleguak lantzen dabil”.