PERUrEKIN elkarteak 1.118 euro batu Ondarroan egindako azoka solidarioan
PERUrEKIN elkarteak azoka solidarioa egin zuen Ondarroan martxoaren 16tik 24ra bitartean, eta bertan batutako dirua Perura (Hego Amerika) bidaliko dute. Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, haurren aurkako indarkeriaren aurkako proiektu batean laguntzera bideratuko dute.
Beste behin ere, ondarrutarren eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dute. “1.000 eurotara ailegatzeko erronka jarrita genuen, eta muga hori gainditu dugu. Eskerrik asko modu batera edo bestera lagundu duzuon guztioi”.
Azokan denetik saldu dute, baina, batez ere, arropa, liburuak eta umeentzako arropa eta jolasak saldu eta jaso dituzte. Gaineratu dutenez, aurrerantzean ere hurrengo azokarako gauzak jasotzen jarraituko dute. “Ondarroan askok ezagutzen gaituzte, eta elkartera doantzan emateko merezi duen zer edo zer baldin badute deitu egiten digute. Eskerrik asko horiei ere beti gogoan edukitzen gaituztelako”.