Bizkaiko Batel Ligako lau kategoriatan nagusitu dira Ondarroa eta Isuntza
Ondarrutarrek hiru kategoriatan irabazi dute liga: alebin mutil, alebin neska eta txiki neskak. Lekeitiarrak, berriz, txiki mailan mutiletan onenak izan dira.
9. jardunaldi jokatu ondoren, domekan [martxoak 31] amaitu zen Bizkaiko Batel Liga, Sestaoko uretan. Jardunaldiz jardunaldi lortutako emaitzei esker gaztetxoen lau kategorietan nagusitu dira ondarrutarrak eta lekeitiarrak; baina, beste hainbat kategoriatan ere podiuma lortu dute.
Ondarrutarrek alebin mutil, alebin neska eta txiki neskak kategorietan irabazi dute liga. Era berean, alebin nesketan eta gazte mailan emakumezkoetan 3. postua lortu dute. Lekeitiarrek, berriz, txiki mailan mutiletan lortu dute garaipenik sendoena. Alebin mutiletan, alebin nesketan, kadete emakumezkoetan eta kadete gizonezkoetan, ostera, 2. postua eskuratu dute. Txiki mailan nesketan, aldiz, 3. postua lortu dute. Absolutu mailan gizonezkoetan, azken jardunaldian kale egin ostean, podiumetik kanpora geratu dira lekeitiarrak; 4. eta 5. postuak lortu dituzte.
Liga bukatuta, batel denboraldia azken txanpan sartu da. Txapelketak baino ez dira falta batel denboraldia amaitutzat emateko: Bizkaiko txapelketa apirilaren 6an eta 7an jokatuko dute Sestaon, eta Euskadikoa, berriz, hurrengo astean, Legution.
Ondarroako eta Lekeitioko arraunlariak, gainera, pozik bueltatu dira etxera Sestaoko uretan azken jardunaldian estropada bana irabazita. Ondarrutarrek alebin nesketan lortu dute garaipena, eta lekeitiarrek, ostera, txiki mailan mutiletan.
Eskualdeko arraunlariek bi estropada irabazi badituzte ere, beste hainbatetan ere aurreneko postuetan ibili dira. Alebin nesketan, esaterako, lehen hiru postuak lortu dituzte. Ondarru A ontzia izan da azkarrena (02.45,64) eta atzetik helmugaratu dira Artibai eta Isuntza A. Alebin mutiletan Ondarru B ontziak 2. postua eskuratu du eta Isuntza Ak 4. postua. Txiki mailan nesketan, Ondarru B ontziari gutxigatik, 28 ehunenekogatik, ihes egin dio garaipenak. Isuntza Ak, bestalde, 3. amaitu du.
Isuntza A batela onena izan da txiki mailan mutiletan (04.43,93), eta Lea, berriz, 3. postuan sailkatu da. Kadete emakumezkoetan 2.postua lortu du Isuntza Ak eta 4. postua Ondarru Dk. Kadete gizonezkoetan 4. postuan amaitu du estropada Isuntza Ak. Gazte mailan emakumezkoetan Ondarruk 2. postua lortu du, eta absolotu mailan emakumezkoetan, 4. postua eskuratu dute ondarrutarrek. Absolutu mailan gizonezkoetan 3. amaitu dute ondarrutarrek eta Isuntza A eta Isuntza B ontziek, hurrenez hurren, 9. eta 11. postuak lortu dituzte.