Inoizkorik jende gehien batu da Gizaburuagako Eskolarteko V. BTT lasterketan
Proba egitera animatu zirenek «ondo pasatzeko aukera paregabea» eduki zutela gaineratu dute antolatzaileek.
Aurreikuspenak bete, eta, azkenean, Bizkaian federatuta dauden hainbat taldetako 200 txirrindularitik gora batu ziren domekan [martxoak 31] Gizaburuagako udaletxeko atzeko zelai inguruetan egin zen Eskolarteko V. BTT lasterketan.
Gizaburuagako Udalak eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteak elkarlanean antolatu dute kirol proba, eta pozik agertu dira probak eduki duen arrakastagaz. “Inoizkorik jende gehien batu aurten. Iragarri modura, eguraldi oso ona egin zuen, eta zirkuitu inguruak parte hartzaileak animatzera etorri ziren zaleez bete ziren. Parte hartzaileak eta proba ikustera etorri direnak gustura geratu dira, eta horrek ere asko poztu gaitu. Eskerrak eman nahi diegu lagundu duten guztiei”.
Ohi modura, parte hartzaileek adineka banatuta egin zituzten probak, eta adinaren arabera, ibilbidearen luzera eta zailtasuna handitzen joan ziren. Txikienak udaletxe atzeko zelaian prestatutako 600 metroko zirkuituan ibili ziren bizikletan, eta nagusienak, ostera, bide horitik zehar ere igarotzen zen 1.200 metroko zirkuitua bete behar izan zuten.
Proba egitera animatu zirenek «ondo pasatzeko aukera paregabea» eduki zutela gaineratu dute antolatzaileek. “Azken egunotan ez du euririk egin; zirkuitua siku egon zen, eta horrek ez zuen ezelako arazorik eragin”. Kirola egin eta parte hartzea bultzatzea du helburu lasterketak, eta hori dela eta, denek izan zuten saria lasterketaren amaieran.