Ondarroako Unanue udal musika eskolako orkestrak elkartrukea egingo du estreinako
Ondarroako Unanue udal musika eskolako eta Barakaldoko udal musika kontserbatorioko orkestrek elkartrukea egingo dute. Herri bakoitzean kontzertu bana eskainiko dute. Lehen zuzenekoa Ondarroan izango da zapatuan.
Musikarien arteko harremanek gero eta garrantzi nabarmenagoa dutela jakitun, Ondarroako Unanue udal musika eskolako eta Barakaldoko udal musika kontserbatorioko orkestrek elkartrukea antolatzea erabaki dute. Lehen zuzenekoa Ondarroan eskainiko dute. Hitzordua zapatuan [apirilak 6] 12:00etan ipini dute Kamiñazpiko elizan.
Orkestra biek beren atrilak trukatuko dituzten estreinako aldia dela nabarmendu dute Ondarroako musika eskolako arduradunek. “Ondarroako musika eskolako orkestrako musikariek erronka berri baten aldeko apustua egin dute; izan ere, mota honetako elkartruke bat egingo duten lehen aldia da. Lankidetzan ariko diren orkestra biek, gainera, maila desberdinak dituzte. Barakaldokoak kontserbatorioko ikasleak dira, eta gure ikasleentzat maila bat gorago dauden musikariekin aritzea oso aberasgarria izango dela deritzogu”.
Antolatzaileek iragarri dutenez, gauza berezia izango da, eta musikazale guztiak kontzertua entzutera gonbidatu dituzte. Musikarientzat ez eze, esperientzia zaleentzat ere “oso abesgarria” izango dela aitortu dute Ondarroako musika eskolakoek. “100 musikari inguru batuko dira agertokian. Gutxitan egoten da horrelako aukeraren bat Ondarroan”.
Elkartruke musikaleko lehen kontzertuari dagokionez, Barakaldokoek beren lana eskainiko dute bakarka, eta bi orkestrek batera ere hainbat pieza interpretatuko dituzte. Hainbat estilotako kantuak entzuteko aukera egongo da: Game of Thrones telesaileko eta West Side Story filmako soinu bandak edo Maixa eta Itziarren Iluntzean, esaterako.
Eta proiektua gauzatu eta bi orkestren arteko elkartrukea osatzeko ondarrutarrek bueltako kontzertua eskainiko dute Barakaldon maiatzaren 11n.
Entzunaldi didaktikoak. Ondarroako musika eskolako ikasleek, bestalde, entzunaldi didaktikoak eskainiko dituzte datozen egun eta asteotan. Entzunaldi didaktiko guztiak ordu eta leku berean egingo dira: Kofradia Zaharrean, 17:00etan.
Ordu erdi inguru irauten dute entzunaldiek, eta bertaratzen direnek era pedagogiko batean musika instrumentuak hobeto ezagutzeko aukera izango dutela aurreratu dute musika eskolako arduradunek. Nahi duenak, gainera, saioa amaitu ostean musika tresnak probatu eta galderak egiteko tartea edukiko du.
Entzunaldiei dagokienez, eguaztenean [apirilak 3], klarinetearen txanda izango da. Apirilaren 8an, berriz, biolontxeloa entzuteko aukera egongo da eta apirilaren 10ean, tronpeta eta tronboia. Apirilaren 29an, ostera, era didaktiko batean ipuin musikal bat eskainiko dute. Eta, azkenik, maiatzaren 6an, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa eta perkusioaren txanda izango da.