Gaixorik dauden presoen alde zubiak batzeko ekimena egingo dute Ondarroan
Ondarroako zubiak Ibon Iparragirre Burgoaren alde eta larriki gaixorik dauden presoen etxeratzearen alde betetzera deitu dituzte domekan [apirilak 7]. Ekimena Nazioarteko Osasunaren Egunaren harira egingo dute, hain zuzen.
Sare plataformak deituta, eta Nazioarteko Osasunaren Egunaren harira, Ondarroako zubiak Ibon Iparragirre Burgoaren alde eta larriki gaixorik dauden presoen etxeratzearen alde betetzera deitu dituzte domekan [apirilak 7]. Ekimenagaz, hain zuzen, Ni Zu Bi herri ekimenari jarraipena emango diote.
12:30ean ipini dute hitzordua Zubi Zaharrean; herritar guztiei parte hartzeko eta zubiak betetzeko deia egin diete. Zubi Zaharrean batu, eta hainbat pankarta zabaldu ondoren, ordu laurdeneko elkarretaratzea egingo dute. Ostean, gizakatean Calatrava Zubiraino joango dira Artibai ondoko pasealekutik zehar. Calatravan beste ordu laurdeneko elkarretaratzea egingo dute. Bien bitartean, bi zubiak batuaz, hainbat kirol ontzi bi zubien arteko tartean ibiliko dira pankartak astinduaz. Calatravako elkarretaratzea amaitu ostean, Alamedan amaituko dute ekimena, musikaz lagunduta.
Osasun eskubidearen aldeko ekimenagaz, “legez eta giza eskubidez” etxean egon behar zuten, baina oraindik ere gaitz larriekin preso daudenen egoera ekarri nahi dute mahai gainera. Kartzela politikak osasuna larriki kaltetzen duela azpimarratu dute.
Gogorarazi dutenez, oraindik orain 20 euskal presok gaixotasun larriekin espetxean jarraitzen dute, “baldintza gogorren pean gaixotasunari aurre egiten”. Berandu baino lehen, “baldintza egoki eta duinentan” etxeratuak izan daitezen lanean jarraitu beharra dagoela azpimarratu dute.