Galbaixotik igaroko da 21. Korrika
Ibilbidea aldatu beharra egon denez, 21. Korrika aurten ez da Mutrikuko herrigunetik igaroko.
Mutrikuko Korrika Batzordeko kideek jakinarazi dutenez, ibilbidea Galbaixotik igarotzeko arrazoia bakarra da: “Antolaketa lanekin hasi ginenean denbora sasoi honetarako Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepidea itxita egongo zela aurreikusten genuen. Hori dela eta, ibilbidea moldatzera derrigortuta egon gara”. Ibilbidea aldatu beharra egon denez, gainera, 21. Korrika aurten ez da Mutrikuko herrigunetik igaroko. “Zuzenean gora joango gara”.
Batzordeko kideek aitortu dutenez, “beste behin edo bitan ere” igaro da Korrika Galbaixotik. Hori bai, bertatik pasa zen azken aldia “aspaldi” izan zela nabarmendu dute. Apirilaren 12an ailegatuko da Korrika Mutrikura, Lea-Artibaiko herritarrei lekukoa hartuta, 05:45ak aldera ailegatuko da Katetxera. Lekukoa 45 talde eta eragilek eramango dute Mutrikun, tartean alderdi politikoetako ordezkariek ere eramango dute. “Asteon egingo dugu kilometroen banaketa”.
Korrika, bestalde, Debatik ez da igaroko, zuzenean Mendaro aldera joango delako. Hori dela eta, Mutrikuarrek 3 kilometro utzi dizkiete debarrei. “Guk, denetara, 8 kilometro hartuko ditugu; 1903. kilometrotik 1910. kilometrora, Katetxetik hasi eta Galbaixo gaina baino zer edo zer beheragoko tartea egingo dugu korrika, hain zuzen. Hortik aurrera Debarrei emango diegu lekukoa”.
Klika leloarekin hasiko da 21. Korrika eguenean [apirilak 4], Garesen (Nafarroa), eta Gasteizen amaituko da apirilaren 14an.