Iñaki Basaras eta Loren Arkotxa politikari ondarrutarrak omenduko ditu EAk
Politikari historiko biei barikuan [apirilak 5] egingo diete aitortza. Hitzordua 19:00etan ipini dute Kofradia Zaharrean. Eusko Alkartasunak, hain zuzen, eskualdeko politikagintzan eta herrigintzan garrantzia eduki duten bi herritarrak omendu nahi ditu ekitaldi xume bategaz. “Herriaren nortasunaren alde lehen lerrotik edo bigarrengotik egindako lana eskertu nahi diegu. Biek ala biek Ondarroarentzat lan handia egin dute”.
Omenaldiari dagokionez, bien bizia eta ibilbide politikoa errepasatu dituzte. Ekitaldira Arkotxaren eta Basarasen senideak gonbidatu dituzte, baita hainbat alderdikide ere. “Ekitaldi irekia izango da, eskualdeko herritar guztiak gonbidatuta daude”.
Loren Arkotxa Meabebasterretxea ezker abertzaleko kideak eskarmentu handia du politikagintzan: besteren artean, Ondarroako alkatea eta Udalbiltzako presidentea izan da. Iñaki Basaras Mendiola EAko alderdikideak, bestalde, EAJn hasi zuen politika ibilbidea, eta ondoren, EAko militantea eta zerrendakidea izan da urte askoan. Orain, EH Bilduko militantea da, eta hauteskundeetarako zerrendakidea ere izan da . “Euskararen eta kirolaren sustatzailea izan da. Besteak beste, Txomin Agirre ikastolaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta herriko futbolarekin ere harreman handia izan du”.