Eneko Sagarmendi mutrikuarra, Euskal Pilota Egokituko II. Master Cup txapelketako finalean
Eneko Sagarmendi Errenteriako Mindara klubeko pilotari mutrikuarrak Leire Esnal zumaiarrekin batera osatuko du bikotea.
Eneko Sagarmendi eta Leire Esnal. Argazkia: Master Cup Mutrikuarrak domekan [apirilak 7] jokatuko du finala Beasainen. Pala txapelketaren finala 12:00etan hasiko da, Antzitzar kiroldegian. Sarrera doakoa izango da, eta zaleei harmailetatik pilotariak animatzera joateko gonbitea egin diete.
Finalean, hain zuzen, dibertsitate funtzionala duten bi bikote misto ariko dira nor baino nor indartsuago palan. Kantxan dena ematera aterako da urdinez jantzita mutrikuarra, eta Leire Esnal zumaiarrarekin osatuko du bikotea; gorriz jantzitako Sheila Cueto errenteriarraren eta Iraitz Huegun iazko txapeldun donostiarraren aurka jokatuko dute final handia, 25 tantora.
Sagarmendik eta Esnalek eskarmentu handia dute palaz; 2016an, esaterako, Gipuzkoako VI. Pala Txapelketa ere irabazi zuten.

Master Cup txapelketaren finalaren aurkezpena, Beasainen. Sagarmendi goiko lerroan ezkerretik lehena da. Argazkia: Loinaz Agirre /Goierriko Hitza
Finala, gainera, gurpildun aulkiko kategorian ere jokatuko dute. Joseba Lasaren eta Beñat Lizasoren aurka jokatuko dute Javier Etxezarretak eta Asier Navaridasek.
Txapelketari dagokionez, iaz hasi zuen Master Cupek bidea, eta parte hartzaile kopurua iazkoarekin alderatuta hazi egin dela nabarmendu dute antolatzaileek. “Aurtengoak izan duen harrera ikusita, datorren urterako asmoa hazten jarraitzea da”. Aurten gipuzkoarrek parte hartu dute txapelketan, eta datorren urtera begira Bizkaira ere zabaldu nahi dute. Txapelketa, gainera, kirol egokituan dihardutenek egiten duten lanaren emaitzaren lekukoa bihurtu da. “Txapelketa honek duen benetako helburua kirolari hauen ikusgarritasunean aurrerapauso bat ematea da”.