Imanol Oruemazagari esker oneko omenaldia egingo diote Ondarroan
Imanol Oruemazagak Ondarroako musika zaletasuna zabaltzeko egin zuen ahalegina eskertu nahi izan dute antolatzaileek
Kantaize abesbatzakoak omenaldiko kartelak eskuetan Kantaize abesbatzak eta Ondarroako Udalak elkarlanean antolatu duten omenaldia zapatuan [apirilak 6] egingo dute, 20:00etan, Ondarroako Andra Mari elizan. Kantuzale eta musikazale guztiak gonbidatuta daude.
Oruemazagak herrigintzan hainbat esparrutan egin zuen lana, eta ekimenaren bultzatzaileek, hain zuzen, musika zaletasuna zabaltzeko egin zuen ahalegina eskertu nahi izan dute. “Hainbat abesbatza sortu eta bultzatu zituen. Horrez gain, Kresalan eta solfeoko maisu modura egindako lan guztia ere azpimarragarria da. Ondarroan garai bateko ume askori erakutsi zion musika. Horregatik guztiagatik, omenaldia egitea merezi zuela iruditu zitzaigun”.
Omenaldiak jendetza batuko du oholtza gainean, ia 100 lagun denetara. Ekitaldirako propio batu diren Eskolania tipleak, Olatu Kantu abesbatza, Unanue Kamara Korala eta Kantaize abesbatza kantuan elkartuko dira, eta horiei doinua ematen Ondarroako Metal Taldea eta Mikel Ansola Garitagoitia piano eta organo jotzaile markina-xemeindarra ariko dira.
Nabarmendu dutenez, ez da kontzertu soil bat izango. Omenaldiak Oruemazagaren bizitza ere errepasatuko du. Ondarroako Historia Zaleak elkartekoen laguntzari esker, Oruemazagaren bizitzako hainbat une jasotzen dituzten argazkiak ere batu dituzte, eta horiek omenaldian proiektatuko dituzte.