Skate eta patinete erakustaldia egingo dute Ondarroan
Erabiltzaileek antolatuta, skate eta patinete erakustaldia egingo dute zapatuan [apirilak 6], 18:30ean hasita, Ondarroako skate parkean. Kirola bera zelakoa den erakusteko aukera izango dute herriko hainbat skaterrek. Denetara, 13 bat lagun batuko dira Zaldupe atzeko skate parkean, eta oholaren eta patinete gainean duten trebezia erakutsiko diete bertaratuei.
Erakustaldia, hain zuzen, jai giroan egin nahi dute. Alain Bakeriza DJ Tximasek “skater munduko musikarekin” girotuko du ekitaldia, eta DBH4ko ikasleek jan-edan postua ipiniko dute ikas bidaiarako dirua batzeko.
Eneritz Basurko hirigintza zinegotzia pozik agertu da ekimenagaz. “Hainbat herritarrek eta skate erabiltzailek skate parkea azkenik errealitatea dela ospatu nahi izan dute. Eta udalak bat egin nahi izan du ospakizun horregaz. Hau hasiera besterik ez da. Ahal izanez gero, urtero egin nahiko genuke jaia”. Duela hilabete eta erdi zabaldu zuten skate parkea, eta Basurkok nabarmendu duenez, gazteen topagunea bihurtu da denbora oso gutxian. “Beti beteta egoten da”.