250 pertsonak parte hartu dute Lekeitioko EAJren parte hartze prozesu irekian
Topaketetan atera diren beharrizan, arazo eta ikuspuntu guztiak aztertzen ari direla adierazi du Lekeitioko EAJk, eta herritarrek egindako ekarpenak eskertu dituzte.
#LekittarraGO2025 prozesu parte hartzailearen bitartez herritarren kezkak ezagutu eta proposamenak jaso ditu Lekeitioko EAJk, eta azaldu dutenez, urte bete iraun duen ekimenean 250 herritarrek eta Lekeitioko hainbat elkarte, erakunde eta eragileetako ordezkariek parte hartu dute.
2018ko otsailean hasi zuten #LekittarraGO2025 ekimena lehenengo topaketagaz. 2018ko abenduan Lekeitioko elkarte, erakunde eta eragile guztiekin ere harremanetan jarri ziren, “dituzten beharrizan, arazo eta ikuspuntuak ezagutu eta elkarrekin 2025eko Lekeitio imajinatzeko”. Aurtengo otsailaren 23an eta martxoaren 9an, ostera, beste bi topaketa egin dituzte herritarrekin.
Horrez gain, herriko etxe guztietara informazio eta ekarpenak egiteko orria bidali dutela jakitera eman dute. “Lekeitiarren proposamen zehatzak jasotzeaz gain, kezka nagusiak zeintzuk diren ere ezagutzeko aukera izan dugu. Kezka horiek gure egin eta proiektu ezberdinen bitartez horiei erantzuna ematen ahaleginduko gara”.
Proposamenak. Zehaztu dutenez, aparkalekuak, Maderas de Lekeitioren etorkizuna, garraio publikoa edota etxebizitza aukerak eta zahartzaroa dira kezka gehien eragiten dituzten gaiak, besteak beste. “Herritar gehienek kaleak hobetzea eta irisgarriagoak egitea, espazio publikoak atseginagoak bilakatzea, argiztapena eta kale garbiketa hobetzea proposatu dute”.
Herritarrek egindako ekarpen horiekin datozen asteetan aurkeztuko duten hauteskunde programa eratu dutela esan dute, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete ekimenean parte hartu duten herritar guztiei.