Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute Ondarroan eta Markina-Xemeinen
Balleteko eta dantza modernoko ariketak eta koreografiak eskainiko dituzte adin guztietako dantza ikasleek.
Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira, Markina-Xemeingo Dantzaske dantza klasiko eta modernoko ikasleek eta Dantzarte Ondarroako Ballet Elkarteko dantzariek kalera aterako dituzte euren koreografiak. Nazioarteko Dantzaren Eguna ospatu eta klaseetan egiten dutena plazaratuko dute adin guztietako dantzariek, zapatuan [apirilak 6] Ondarroan, eta domekan [apirilak 7] Markina-Xemeinen.
Hondartzako zubitik hasi eta erreka ondoko pasealekuko baranda guztia beteko dute balleteko dantzariek Ondarroan. Herriko bertako dantzariez gain, Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Villasana de Menako (Burgos, Espainia) dantzariak gonbidatu ditu Dantzarte Elkarteak Ondarroako XII. Barrara. Guztira 75 dantzarik parte hartuko dute: 50ek barra txikian eta 25ek barra handian. Barra txikiko partaideek sei ariketa eta dantza bat eskainiko dituzte, eta barra handikoek hamar ariketako erakustaldia egingo dute.
12:30ean hasiko dira dantzan barra txikiko dantzariak, eta 13:00etan hartuko dute txanda handiek.
Ondoren, dantza modernoko ikuskizunagaz gozatzeko aukera ere egongo da Itsasaurre plazan, 13:45etik 14:30era. 88 dantzari aterako dira dantzara, bederatzi koreografia eskaintzeko. Ondarroako Hip Hop taldeko dantzariak Lekeitioko Funky taldekoekin lagunduta egongo dira 7. Dantza Kalean emanaldian.
Arkupe aurrean. Markina-Xemeingo Dantzaskeko ikasle guztiak, 70 dantzari inguruk, egingo dute dantzan domekan, 12:30ean, Arkupe aurrean ona badago eta euria balego Plazabarripean. Ianire De Andres eta Nahia Arrasateren ikasleek ballet eta dantza modernoko ariketak eta koreografiak kaleratuko dituzte. Balleteko nagusienek barra bat ere egingo dute, ohiko klase bat zelakoa izaten den jendeurrean erakusteko.
Publiko aurrean dantzan egiteko eskarmentua hartzen joateko bidea ere izango dute. Izan ere, ekainean ikasturte amaierako erakustaldia eskainiko dute.