Ugaitz Alegria: "Herri antzerki bat zuzentzeak estres handia suposatzen du"
Alegriak abenduan hartu zuen Mungiako ‘Gure etxea’ obra zuzentzeko ardura. Prozesua gogorra izan dela, baina egindakoagaz pozik dagoela esan du estreinaldiaren atarian.
Hilabeteetan lantzen ibili eta gero, Gure Etxea Mungiako herri antzerkia estreinatuko dute gaur (apirilak 5), Mungiako Olalde aretoan. Lehenengo saioa, baina, herritarrentzat izango da. Bihar (20:00etan) eta etzi (19:00etan), ostera, publiko guztiarentzako saioak eskainiko dituzte; sarrerak salgai daude, Interneten. Eta horren guztiaren atzean dago Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra. Proiektu handi horren zuzendaria.
Zer da Gure Etxea?
Mungiako antzerki popularra da. Udalak antolatuta dago, eta helburu nagusia da ondo pasatzea eta jendea elkarren artean harremantzea. 2000. eta 2005. urteetan ere egin zuten, eta erabaki zuten aurten egitea. Tartean dimentsio txikiagoko herri antzerkiak ere egin izan dituzte, baina ez horrelakoak. Aurtengoa duela urte batzuk egin zuten modukoa da, handia. Herri osoak parte hartu ahal du.
Horrelakoak egiteko ohitura daukate Mungian?
Konturatu naizena da Mungia oso herri kulturala eta kultur zalea dela. Dantza talde ezberdinak daude, abesbatzak, musika eskola indartsua ere bai…. Lau bat antzerki talde ere badituzte.
Nola ailegatu zara zu hori guztia zuzentzera?
Berez, antzezlan hau Markeliñe ekoiztetxeak egin behar zuen. Hango arduradunak, baina, osasun arazoak eduki ditu, eta ezin izan du jarraitu. Proiektu hau handia da, eta estres handia suposatzen du. Beraz, Markeliñek egin behar zuena Glu Glu ekoiztetxeari eskaini zioten, eta Glu Gluk niri eskaini zidan zuzendari postua. Markeliñe testua idazten hasita zegoenez, bi ekoiztetxeak elkarlanean ibili dira.
Proposamena egin zizuten uste dutelako egiteko gai zarela.
Bai. Egia esan, hasieran nire burua hori egiteko gai ikusten nuen. Baina hasi ginenean eta egin behar zen guztiaz jabetu nintzenean, zoratu egin nintzen. Batez ere epeei dagokienez. Azken finean, hau guztia apirilaren 5ean estreinatzeko egon behar zen listo. Niri, baina, proposamena abendu hasieran egin zidaten. Baina bi ekoiztetxeek UTEa osatu bitartean, ezin genuen ezer egin. Urtarril amaieran hasi ginen.
Beraz, urtarrilaren amaieratik ordu asko eman dituzu Mungian.
Ia egunero entsegatu dugu aktoreekin, musikariekin, dantzariekin… Izan ere, herritarrek aukeratzen dute nola nahi duten parte hartu.
Zelan?
Bai. Parte hartzeko izena ematen dutenean, nola parte hartu nahi duten esaten dute. Ile apaintzaile modura, aktore modura…
Hori guztia nola kudeatu duzu?
Hasiera batean casting antzerako bat egiten da testudun aktore bezala izena eman duten guztiekin. Horiek denak ikusi eta gero, guk eskuartean genuen libretoak pertsonaia kopuru bat zuen. Eta, noski, zeuden pertsonaiak baino jende gehiagok izena eman zuen aktore bezala aritzeko.
Inor ezin da kanpoan utzi…
Hori da. Pertsonaiak asmatu egin behar izan ditugu. Libretoa parte hartzaile kopurura egokitzen dugu. Adibidez, libretoan aitona eta iloba agertzen baziren, guk aitona eta hiru iloba ipini ditugu. Horrelako egokitzapenak egin ditugu. Noski, parte hartu nahi zuten guztien nahiak ere kontuan eduki ditugu. Hori guztia kudeatzea sekulakoa izan da.
Guztira, zenbat lagunek parte hartuko dute Gure Etxean?
Den-denak zenbatuta, 210 lagunetik gorak.
Nola lan egiten duzu pertsona horiekin guztiekin?
Hasiera batean testua daukaten aktoreekin eszenaka entsegatzen hasten gara. Gero, eszena horiei figuranteak gehitzen hasten gara. Puzzle baten antzera osatzen da. Eta egia esan, data aldetik-eta nahikoa ondo ibili gara.
Laguntzaile talde bat ere edukiko zenuen, ezta?
Denbora guztian nik ekoiztetxea eduki dut alboan. Ondo moldatu gara, baina bai, gogorra izan da.
Urtarriletik, lorik egin duzu?
Gutxi, oso gutxi. Gainera, beste antzezlan batzuk ere baditut eskuartean.
Obrak berak zer kontatzen du?
Antzezlanak gaur egun Olentzero Etxea baserriaren historia kontatzen du. Olentzero Etxea 2004. urte aldera inauguratu zuten, aurretik Landetxo baserria zen. Baserri hori oso zaharra zen, eta erabaki zuten piezaz pieza berreraikitzea eta lehengoratzea. 1999. urtean hasi ziren baserria berregiten. Obrak 1999tik Olentzero Etxea inauguratu arteko gorabeherak eta baserri hori existitu aurretik leku horretan beste etxe bat ere bazegoela kontatzen du.
Hiru emanaldigaz amaituko da dena?
Ez. Asteburu hau igaro eta gero, hilabete atseden hartu eta maiatzaren 5ean Bilboko Euskalduna Jauregian ikusteko aukera egongo da.
[OHARRA: elkarrizketa osoa papereko edizioan]