EAk omenaldinaldi sentitua egin die Iñaki Basaras eta Loren Arkotxa ondarrutarrei
Eusko Alkartasunak bi politikari ondarrutarrei aitortza egin zien barikuan [apirilak 5], Ondarroako Kofradia Zaharrean. Hurrengo belaunaldientzako herrigintzako eredu direla nabarmendu nahi izan dute omenaldiagaz.
Omenaldiagaz eskualdeko politikagintzan eta herrigintzan egindako lana eskertu nahi izan diete Iñaki Basaras eta Loren Arkotxa erreferente historikoei. “Iñaki Basarasek eta Loren Arkotxak egindako oso garrantzitsua izan da, eta uste dugu omenaldi hau oso beharrezkoa zela. Eskertzekoa da urte guzti hauetan egin duzuen lana eta esfortzua. Zuek egindako lanari esker, beste era batera lan egiten ikasi dugu”, adierazi zuen Meritxell Elgezabal EAren batzar nazionaleko kideak.
[ARGAZKI GALERIA zuzenean ikusi]
Bi omenduen bizitzaren errepasoa ere egin zuten Kofradia Zaharrean. Iñaki Basaras pertsona apala eta zintzoa izan dela nabarmendu zuen Elgezabalek. “Sorreratik EAren proiektuarekin erabat konprometitua egon da, eta gaur egun ere bere laguntza ezinbestekoa da. Iñaki Basaren ibilbidea luzea eta oparoa izan bada ere, herri mailan aritu da batez ere. Beti bere ideia eta asmoekin tinko ibili da”.
Loren Arkotxak, bestalde, beste maila batean jokatu duela azpimarratu zuen. “Ibilbide luzea eduki du politikagintzan. Tokiko erakundeen lanaren defendatzailea izan da. Hiru agintalditan egon zinen Ondarroako alkate modura, eta horrez gain, Udalbitzako presidentea ere izan zinen”. Udalbitzak jasandako eraso judiziala ere gogora ekarri zuen Elgezabelek. “Loren Arkotxak momentu latzak bizi izan zituen; 2003-2004 bitartean gartzelan egon zen, batez ere, herriaren nazio eraikuntzaren alde lan egiteagatik.
Joseba Gezuraga eta Juan Carlos Goienetxea Bermeoko alkate ohiak ere bi omenduek egindakoa balioan jarri nahi izan zuten. “Herrigintzan zu eredu izan zara Iñaki. Eta Lorenei aitortu behar diot zer ahalegin egin zenuen Udalbintza aurrera eramaten”.
[ARGAZKI GALERIA zuzenean ikusi]
Omenduek ere hitza hartzeko aukera izan zuten. “Guk sinesten eta maitatzen genuen bide horretan gure ahalegina ipini dugu, eta horretan gozatzeko aukera eduki dugu. Gaur egunean politikagintzan gabiltzanok daukagun zeregin nagusienetariko bat da gaurko gaztediari guk herri honekiko daukagun sinesmena eta maitasuna helaraztea“.
Bi omenduen bizitzako hainbat une eta pasarte gogoratu ostean, Kofradia Zaharrera bertaratutako denak hunkitu zituen argazki proiekzioa eman zuten. Eta ostean, aurreskua eta agurra egin zieten dantzariek. Ekitaldia amaitzeko, Pello Urizar EAren idazkari nagusiaren eta Iker Rahona EAren Bizkaiko koordinatzailearen eskutik oroigarria jaso zuten.