Asola Berrin jokatu da Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketako hirugarren jaurtialdia
Iker Arizmendiarrieta markina-xemeindarra hirugarren dago sailkapen orokorrean, eta Nerea Arano eta Udai Zelaia emakumeen eta gazteen sailkapenen buruan jarri dira.
Euriaren ondorioz, San Andresko bolatokian bola jokoan egin ezin zenez, Eibarko Asola Berrin jokatu da Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Txapelketako hirugarren jaurtialdia. 61 bolarik parte hartu dute asteburuko norgehiagokan, eta Asola Berriko Arkaitz Rodriguez nagusitu da 6 txirlo botata.
Artez ibili ziren bolariak. Lehen hirurak 6na txirlo bota zituzten eta hurrengo hirurak bost. Elgoibarko San Migelko Angel Ibarluzea geratu zen bigarren postuan, hirugarren Udalako Jose Mari Gorosabel gelditu zen, eta Joseba Lazkano ( Lastur), Etor Aldalur (Asola Berri) eta Gaizka Plaza (San Joxepe) izan dira laugarrena, bosgarrena eta seigarrena hurrenez hurren.
Sailkapen orokorrari dagokionez, Angel Ibarluzea dago sailkapen orokorraren buruan, 20 txirlogaz; lehen emakumezkoa, berriz, Markina-Xemeingo Nerea Arano da, Jose Muñoz azkoitiarra lehen nagusia eta Udai Zelaia markina-xemeindarra lehen gaztea. Bikoteen arteko lehen postuan San Migel taldeko Xabier Loiolak eta Angel Ibarluzeak jarraitzen dute eta San Migel A taldea da, momentuz, nagusi. Lehen hamarren artean daude Iker Arizmendiarrieta markina-xemeindara eta Pedro Goenaga ondarrutarra; hirugarrena eta hamargarrena dira.
Zapatuan [apirilak 13] jokatuko da laugarren jaurtialdia Azkoitiako Floreaga bolatokian. Aurrekoetan bezala, neurketa 17:00etan hasiko da eta txirlo gehien botatzen dituzten lehen seirak edukiko dute saria.