Genero ikuspegia lantzeko saioak antolatu dituzte Markina-Xemeinen
Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean genero ikuspegia txertatzeko parte hartze prozesu batean murgilduta egon dira udal teknikari eta ordezkariak eta prozesua herritarrei zabaltzea beharrezkoa dela ikusi dute.
Markina-Xemein inklusiboagoa izenburupean genero ikuspegia lantzeko bi saio egingo dira bihar [apirilak 9] eta eguenean [apirilak 11] Markina-Xemeinen. 18:00etan izango dira saioak, kultur aretoko bideo gelan, eta bina ordu iraungo dute.
Markina-Xemeingo Udal teknikariak eta ordezkariak Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean genero ikuspegia txertatzeko parte hartze prozesu batean murgilduta egon direla azaldu du udalak, eta lanketa horren garrantziaz ohartuta, prozesua herritarrei zabaldu behar zitzaiela ikusi dute. “Alde batetik gaiaren inguruan ikasitakoa partekatzea gustatuko litzaiguke, eta, bestetik, Markina-Xemein inklusiboagoa egingo duen egitasmoaren lehen urratsak herritarrokin batera ematea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu”.
Jakitera eman dutenez, inguruneak eta hirigintzak eguneroko bizimoduan zelan eragiten duen ikusi dutela azaldu dute. “Segurtasunean, iriste erraztasunean, adinekoen zein haurren autonomian, ongizatean, kontziliazioan edota zaintza lanetan”. Hori dela eta, saioetara ahalik eta herritar gehien animatzea nahi dute. Horretarako, haurren zaintza zerbitzua ere eskainiko dute frontoiaren atzeko aldean dagoen ludotekan.