Aldizkako mozketak egingo dituzte gauez Mutriku-Deba errepidean
Apirilaren 26an errepidea zirkulazioari guztiz itxi aurretik behin-behineko mozketak egingo dituzte gauetan, 22:00etik 06:00era. Mozketak, gehienez, ordu erdikoak izango direla aurreratu dute Mutrikuko udal iturriek.
Mutrikuko udal iturriek jakitera eman dutenez, gehienez, 30 minutuko tarteetan moztuko dute errepidea. “GI-638 errepidea hobetzeko eta 1+200 eta 3+610 KPen artean oinezkoen pasabidea egiteko proiektuaren lanak direla eta, Deba eta Mutriku artean zirkulazio osoa moztea beharrezkoa da 22:00ak eta 06:00ak bitartean. Tarte bakoitza, gehienez, 30 minutukoa izango dela baieztatu digute, baina ez digute zehaztu tarte bat baino gehiago egingo duten, ezta horiek noiz egingo dituzten”. Hori dela eta, Galbaixoko bidea erabiltzeko gomendatu die zain egon nahi ez duten herritarrei.
Mozketak egiten hasita daude. Lanegunetan egingo dituzte apirilaren 26ra arte, harik eta GI-638 errepidea guztiz itxiko den egunera arte. Bien bitartean, zirkulazioa semaforo bidez kontrolatuta egongo dela gogorarazidute.
Garbigunea, itxita behin-behinean. Debabarrenako Mankomunitateak, bestalde, errepidea itxita egongo den tartean Mutrikuko garbigunea ere itxita egongo dela adierazi dute. “Apirilaren 26tik Mutrikuko garbigunea eta transferentzia estazioa lau hilabetez itxita egongo dira, GI-628 errepideko konponketa lanak egiteko aurreikusitako aldian”.
Garbigunean hondakin motaren bat laga nahi dutenek mankomunitateko garbiguneko sareko beste batera jo dezakete. Ermua-Mallabiakora (Urtia industrialdea), Eibarkora (Gorosta Balle 21-Azitain industrialdea) edo Elgoibarkora (Arriaga industrialdea), hain zuzen. Arreta ordutegia honakoa da: astelehenetik barikura 09:04etik 12:56era eta 16:04etik 18:08era. Zapatuetan, goizez bakarrik, 09:04etik 12:56era.