Amaitu dituzte Ondarroako udaletxeko zerbitzu orokorren eraikinaren fatxada berritzeko lanak
Urtarrilaren 24an hasi zituzten Musika Plaza azpiko eraikinaren fatxada berritzeko lanak. Beharginak gaur [apirilak 10] aldamioak kentzen ibili dira “Ukitu txiki batzuk falta dira. Ateak eta leihoetako markoak margotu behar dituzte”. Udal iturrien esanetan, fatxada berritzeaz gain, fatxadan zeuden instalazio zaharkituak kendu dituzte, eta argiteria berria ere ipiniko dute hurrengo egunotan, led argiekin. “Musika Plazatik ura sartzen zen zerbitzu orokorretako eraikinera, eta horregatik behar zuen sakoneko konponketa”.
Berritze lanek 71.266,35 euroko aurrekontua eduki dute, eta herrian azken asteotan egiten ari diren beste hainbatekin lotu ditu Eneritz Basurko Hirigintza zinegotziak. “Herriak berritu egin behar du, eta udaleko eraikinek garbitasunaz gain, txukunketa orokor bat ere beharrezkoa dute. Fatxada garbiagoa edukita, herriaren itxura hobetzen dugula uste dugu”.