Herritarrekin batera adostutako inbertsioetan oinarritu dute Munitibarreko udal aurrekontua
Udalak 1.721.500 euroko aurrekontua izango du, eta kopuru horretatik 984.100 euro bideratuko dituzte inbertsioetara. Besteak beste, Gerrikaitzeko peatonalizazio lanak egingo dituzte.
Apirilaren 3an egindako osoko bilkuran, 2019rako 1.721.500 euroko aurrekontua onartu zuten aho batez Munitibarko Udalean. Zehaztu dutenez, kopuru horretatik 984.100 euro inbertsioak egiteko izango dira, eta horretarako, udalak bere dirutik 56.400 euro jarriko lituzke.
Hain zuzen, herritarrekin adostutako inbertsioak oinarri hartuta adostu dute aurtengo aurrekontua. Aurten gauzatu beharreko egitasmoez eta lehentasunez berba egiteko helburuagaz, abenduaren 23an egin zuten herri batzarra. Iritzia ezagutzeko eta erabakiak hartzeko gunea izan zen, udal gobernuarentzat garrantzitsua eta lagungarria delako herritarren iritzia eta erabakiak zein diren jakitea udalaren norabidea zehazteko.
Hala, datorren astean udalaren webgunean– www.munitibar.org–jarriko dute aurrekontuen dokumentua, herritarrek kontsultatzeko aukera izateko.
Aurtengorako aurreikusi duten egitasmo berriena Gerrikaitzeko peatonalizazioa da. Auzo batzarrean auzotarrek agertu zuten iriste erraztasun hobekuntzak egiteko premia, bertatik oinez eta modu seguruan ibiltzeko. Halaber, Hirigintzako Plan Orokorra tramitatzerakoan ere Gerrikaitzeko bide foralaren inguruan herrigunea indartzeko beharra aztertu zuten.
Era berean, iaztik burutu barik geratu diren zenbait egitasmori ere helduko diete, tartean, herrigunearen semipeatonalizazioari. Iaz hasi zituzten lanak eta aurten amaituko dituzte.
Iaz esan moduan, umeen parkea ere berrituko dute, eta horretarako, umeen parte hartze saio bat egingo dutela esan dute.
2018 uztailaren 2ko uholdeak eragindako kalteak konpontzeko lanak ere amaituko dituzte. Izan ere, iaz konponduta utzi zituzten kalte handienak.
Bestalde, finantzazio arazoak tarteko iaz ezin izan zituzten argindar kableak lurperatu, eta aurten egingo dituzte lanok.
Halaber, herriko planoa berritzeari ekingo dio udalak, «planoaren azken bertsiotik gaur egunera arteko aldaketak jasotzeko». Bide batez, herriko zenbait lekutako toponimia jasotzeko asmoa daukate. Hori egitea, etxebizitzak izendatzeko erabiltzen diren kale-izendegiak edo kokapen ezberdinak batzeko lagungarria izango dela uste dute.
Olaurre etxea birgaitzeko proiektua ere gauzatu gura dute, eta horrek inbertsio kopurua nabarmen igotzen duela zehaztu dute . “Egoera txarrean dagoen eraikin horren proiektua finantzatzeko herri batzarrean herritarrek onartutako mailegu bat eskatzea aurreikusten dugu”, azaldu dute.
UEM4 Mintegi gunea guztiz urbanizatzeko falta diren lanak ere egingo dituzte: “Kontu hau azken legealdi osoan egindako lanaren emaitza da; juridikoki lan asko eskatu du. Garatuta eta garatu barik dauden hirigintza-guneak zatitu eta behin zatituta, bide eragingarria aurkitu behar izan dugu garatu gabekoa garatzeko”.
Herri-batzarrean horrela erabaki arren, argindarraren autokontsumora bideratutako plaka fotovoltaikoen instalazioa ez dute 2019rako aurreikusi, beharrezko finantzazioa ez delako aurkitu eta azken arau aldaketek autokontsumorako aukerak zelan geratzen diren hobeto aztertu beharra dagoelako.
Soberakinak. Herri batzarrean erabaki legez, aurrekontuko emaitza aldekoa (soberakin positiboa) izanez gero, herri inguruko basoak erostera bideratuko dutela jakitera eman dute.