Ikasleek errugbia ezagutu eta gozatu dute Mutrikun
Mutrikuko Goizeko Izarra, Ondarroako Zaldupe, Txomin Agirre eta Zubi Zahar eta Debako Luzaro ikastetxeetako LH 5 eta 6ko ikasleek parte hartu dute topaketan, denetara 252.
Eguraldiak asko lagundu ez badu ere, Mutrikuko IV. Eskolarteko Errugbi Topaketa giro onean egin ahal izan dute gaur [apirilak 10] Mutrikuko San Migel futbol zelaian batu diren gaztetxoek. “Zaparrada handirik ez da egon, baina euri pixka bat egon da, eta momentu batean aterpera ere sartu behar izan dugu. Partidu bakarra gelditu dugu”.
Zelaia lautan banatuta, 15 minutuko partida motzak jokatu dituzte, Rugbi tag deritzon erara. Hain zuzen ere, baloia esku artean zeramanari gerritik zintzilik eraman dituen bi zintetako bat kentzen saiatu behar izan dira aurkariak, baloia zeramanak entsegua egin baino lehen.
Errugbia hurbilagotik ezagutzeko aukera baliatuta, ekimenean parte hartu eta beste ikastetxeetako eta herrietako ikasleak elkar ezagutzea izan da topaketaren helburu nagusia, lehia alde batera utzita. Balorazio polita egin dute antolatzaileek. “Gaztetxo piloa etorri da, eta denek ondo pasatzeko aukera eduki dute”.
Topaketa amaitu denean, ohi modura, hirugarren denbora egin dute futbol zelaiko terraza eta inguruetan. Baina ikasleak ogitartekoa eta edariak jasotzen ari ziren bitartean, sekulako zaparrada hasi du, eta batek baino gehiagok bustita amaitu du hirugarren denbora.