Ondarroako Unanue Kamara Koralak Hondarribiako 37. Eliz Musika Zikloan parte hartuko du
Hondarribiako Eliz Musika Zikloa Euskal Herriko eliz musika jaialdirik zaharrena eta ezagunena da. Ondarroako abesbatzak estreinako parte hartuko du bertan.
Hondarribiako Xatz Eskifaia abesbatzaren gonbitea jaso dute ondarrutarrek, eta elkarrekin oholtzaratuko dira domekan [apirilak 14], 20:00etan, Alde Zaharreko Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren Eliza. Bi taldeen kontzertu bereziak itxiko du aurtengo jaialdia.
35 emakumez osatutako ahots zurien taldeak errepertorio sakroa prestatu du Amaia Aldalur eta Estibalitz Arrizabalaga zuzendarien eskutik. Estibalitz Arrizabalaga Ondarroako UKKko zuzendariak aurreratu duenez, 11 obraz osatu dute egitaraua. “Euskal musikarien presentzia handia izango da. Besteak beste, Busto, Elberdin, Sarasola, Ugalde edo Iker Gonzalez zumaiarraren piezak interpretatuko ditugu. Gonzalezek, gainera, propio obra bat idatzi digu ziklorako: Ecce panis angelorum. Estreinatzeko gogo handiarekin gaude”.
Obrei dagokienez, errepertorio garaikidea aukeratu dute; bizirik dauden XX. mende amaierako musikarien obrak, hain zuzen. Obrak gainera, nahikoa berriak dira, azken 15 urteetan idatzitakoak. “Erdiak a capella abestuko ditugu eta besteak pianoaren laguntzarekin. Maruxa Llorente ariko da pianoan. Musika zuzenean entzuteko aukera paregabea izango duzue. Gonbidatuta zaudete”.