Berriatuko udaleku irekietan izena emateko epea zabaldu dute
Uztailaren 1etik uztailaren 26ra egingo dituzte, eta maiatzaren 3ra arte izena eman daiteke.

Programa osatu eta anitz baten bidez, aisi eremu batean, haurren “garapen sorgarria eta artistikoa” lantzeko helburuagaz aurkeztu dituzte Berriatuko udaleku irekiak. Berriatuan erroldatuta dauden 4-12 urte bitarteko ume eta gaztetxoei zuzenduta daude, eta horiekin parte hartzaile kopurua betetzen ez bada, erroldatu gabeek ere apuntatzeko aukera izango dute.
Uztailaren 1etik uztailaren 26ra egingo dituzte (10:00etatik 13:00etara), eta izena emateko epea gaur zabaldu dute. Maiatzaren 3ra arte (barikua) izena eman daiteke udaletxean. Epe barruan aurkezten diren eskaera guztiak onartuko dituzte, eta epez kanpo aurkezten direnekin itxaron zerrenda osatuko dute.
Haurren guraso edo arduradunek izen emate agiria behar den bezala bete behar dute, eta onura eskatu nahi dutenek onura fiskalen eskaera-orria bete beharko dutela zehaztu dute.
Halaber, udalekuak hasi aurretik gurasoekin bilera egingo dute informazioa, programazioa, talde eta gainerako xehetasunen berri emateko. Eta ekainean egingo dute matrikularen kobraketa ( izena emateko orrian jarritako kontu korrontetik).
Begiraleak. Udaleku irekietan begirale izan nahi dutenentzat izen ematea ere gaur ireki dute, eta apirilaren 30era (martitzena) arte utzi daitezke curriculumak, udaletxean, eta izen emate fitxa ere bertan eskuratu behar da.
Eragintza Kultur Elkartea izango du udalekuen ardura, eta bertako kideek egingo dute begiraleen aukeraketa. “Herriko gazteei lana eskaini nahi diogu eta horretarako udalekuetan lan egin nahi dutenek curriculuma aurkezteko aukera izango duzue, udaletxean”.
Begirale izateko zenbait baldintza betetzea ezinbestekoa da. Zuzendaria izateko, aisialdiko zuzendari titulua edo hezkuntzan lizentziatua izatea eskatzen dute, bai eta gidabaimena edukitzea eta euskaraz hitz egitea. Hezitzaileentzat, berriz, aisialdiko begirale titulua edukitzea eta euskaraz aritzea jarri dituzte baldintza modura. Halaber, beste baldintza hauek ere kontuan izango dituztela jakitera eman dute: Herrikoa edo eskualdekoa izatea, aisialdian esperientzia edukitzea eta parte-hartzean trebakuntza izatea.