Egunotan 1.200 tona antxoa baino gehiago deskargatu dituzte Ondarroan
Asteko egunik oparoena martitzena izan zen; denetara, 558.000 kilo inguru antxoa saldu ziren Ondarroako bentan. Barikurako [apirilak 12], berriz, bandera ipini dute, "antxoa oso merke ari delako saltzen, eta arrantzatzen ari diren arraina ere txikia delako".

Antxoa denboraldian bete-betean sartuta, baxurako arrantzaleek ugari porturatu dute egunotan Ondarroako portuan. Egunotan, hain zuzen ere, denboraldiko kopururik gehien saldu dute bentan: 1.200 tona baino gehiago.
Baxurako ontzien joan-etorria handia izan da egunero, baina egunik oparoena martitzena [apirilak 9] izan zen, dudarik barik. 72 bat ontzik 62.000 kaxa inguru lehorreratu zituzten; 558.000 kilo, gutxi gorabehera. Datuak kontuan hartuta, Kantauri itsasoan egun horretan antxoa deskarga gehien eduki zituen portua izan zen. “810 tona saldu ziren denetara, eta hortik, erdia baino gehiago, Ondarroan”.
Gehien martitzenean saldu bazen ere, beste egunotan ere polito saldu dute antxoa. Astelehenean [apirilak 8], esate baterako, 90.000 kilo inguru lehorreratu zituzten 37 bat ontzik. Eguaztenean [apirilak 10], berriz, 360.000 kilo inguru porturatu zituzten 60 bat ontzik.
Gaur [apirilak 11] ere goizean goizetik hasita, arrantzaleen joan-etorria handia izan da moilan. Lehenengo ordurako 30 ontzi porturatuta zeuden, eta beste horrenbeste bidean zetozen. Goizeko lehen bentetan 225.000 kilo inguru saldu dituzte, baina arraina aurreko egunetakoa baino askoz txikiagoa izan denez (ekialderako arrantzatu dute), eta eskaintza ere handiagoa izan denez, prezioak nahikoa amildu dira. Kiloa, bataz beste, euro bat inguruan saldu da bentan, baina tamainarik txikieneko sortak askosaz merkeago ere saldu dira, kiloa 50 zentimo inguruan.
Barikurako [apirilak 12], berriz, bandera ipini dute, “antxoa oso merke ari delako saltzen, eta arrantzatzen ari diren arraina ere txikia delako”. Hala erabaki dute kofradiek eta arrantzaleek: ez dute antxoarik salduko, eta beraz, ez dira itsasora aterako. Astelehenean [apirilak 15] itsasoratuko dira berriro.