Gipuzkoako Zesta-punta Txapelketaren finalak hartuko ditu Mutrikuk
Danok Bateko puntista gazteenek jokatuko dute txapelketaren azken txanpa. Tolosako Beotibar eta Zumaiako klubetako puntistak izango dituzte aurkari. Pilota jaialdia barikuan [apirilak 12] egingo dute Miruaitz pilotalekuan, 20:00etan hasita.
Kantxaratzen lehenak alebinak izango dira. Beotibarko Oskitz Goenagaren eta Unax Baldaren aurka jokatuko dute Danok Bateko Ekhi Lete eta Ekaitz Beitiak. 25 tantotara jokatuko dute finala. Danok Bateko ordezkariek agertu dutenez, finala irabazteko aukerekin ikusten dituzte Lete eta Beitia. “Final oso gogorra izango da. Biek oso maila antzerakoa dute eta. Egia esan, Ekhik eta Ekaitzek oso txapelketa ona egin dute. Ia partidu guztiak irabazi dituzte, eta aukerak dituztela uste dugu”.
Hurrengo finala txiki mailakoena izango da. Zumaiako Gonzalo Agirrerekin eta Ekaitz Galarragaren aurka nor baino nor indartsuago ariko dira Danok Bateko Unax Zubizarreta eta Manex Ansola. Kasu honetan, 30 tantotara jokatuko dute partidua. “Unax eta Manex partidua irabazteko faboritoak dira, baina aurkariak ere oso gogorrak dira. Hori bai, gure bikoteak etxean jokatzearen abantaila izango du”.