Mutrikuko Jaujak eskubaloi eskola ipini du abian
Ikasle gazteenek astean behin egingo dute entrenamendu saioa. Zapatuetan batuko dira kiroldegian, 10:30etik 12:00etara.
Jauja Gazte Elkarteko ordezkariek nabarmendu dutenez estreinako ipini dute eskola abian. “Orain momentuan institutuko neskekin osatutako bi talde ditugu: bata, txiki mailakoa eta bestea, kadeteena. Eta gure proiektuari jarraipena eman eta harrobia sortzeko eskola bat abian ipintzea erabaki dugu”
Alde batetik, goragoko mailetan egongo diren taldeen oinarria izango den taldea sortu nahi dute LH5 eta 6ko neska-mutilekin. “Gaztetxoei eskubaloia ezagutu eta entrenatzeko aukera bat eman nahi diegu. Eta kirolaren oinarriak ezagutu eta gero, talde bat sortzea gustatuko litzaiguke. Orain zortzi bat urte edo desagertu zen herrian zegoen azken taldea, eta aurreko urtean egindako ahaleginari esker, bi talde ditugu orain. Eskubaloia herrian berpiztu egin da, baina atzetik lanik egin gabe ezingo diogu jarraipenik eman. Horregatik gaztetxoekin lanean hastea oso garrantzitsua dela deritzogu”.
Ikasle gazteenek astean behin egingo dute entrenamendu saioa. Zapatuetan batuko dira kiroldegian, 10:30etik 12:00etara. Lehenengo entrenamendua zapatuan [apirilak 13] egingo dute. “Gure asmoa da ikasturtea amaitu arte astean behin batzea. Datorren ikasturtean, berriz, aste barruan entrenatu nahiko genuke, baina hori taldean jarraitzen dutenekin zehaztuko dugu”.
DBH1eko neskek, berriz, saio bikoitza egingo dute astero. Martitzenetan eta eguenetan batuko dira kiroldegian, 18:45etik 20:15era. Lehen entrenamendu saioak asteon egin dituzte. Sei neskak eman dute izena, baina gehiago beharko dituztela aitortu dute. “Txiki mailako taldea osatzen dutenak DBH2 mailakoak dira, baina horiek datorren urtean kadete mailakoak izango dira. Eta datorren urtean txiki mailako taldea eduki nahi badugu jendea behar dugu”.
Eskolan hasteko interesa dutenek herritarrek eta inguruko herritarrek 688 61 07 22 telefonora deitu dezakete edo jaujage@gmail.com posta elektronikora mezu bat idatzi.