Josu Etxaburu Osa: "Elkartasunetik elkarlanera igarotzeko unea dela deritzogu"
Zelai Nikolasek eta Angel Oiarbidek bozeramailetza utzi ostean, Josu Etxaburuk (Ondarroa, 1961) eta Amalur Alvarezek hartu dute haien lekukoa. Etxaburu etapa berriari ekiteko gogotsu dago.
Zer aldartegaz hartu duzu ardura berria?
Erantzukizun handia da, kolektibo zabal eta anitz baten bozeramailea izango naizelako. Arduragaz ere hartu dut kargu berria; datozen garaiak oso garrantzitsuak izango direlako aurrera egiteko. Ahaztu barik, Gure Eskuk gugan jarri duen konfiantza eskertu nahi nuke, eta Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek egindako lana txalotu.
Euskaldunan aurkeztu zenituzten asmo berriak.
Mugarri bat izan zen. Euskaldunan hazia bota genuen, eta orain hazi hori herriz herri ereiten hasi behar dugu. Oraintxe hasten da benetan egin beharreko lana.
Eta zein da lan hori?
Oraindik ere ailegatu ez garen sektore batzuetara, eztabaida hau urrunetik edo beldur apur bategaz ikusten dutenengana edo berea modura sentitzen ez dutenengana ailegatzeko demaseko erantzukizuna dugu orain. Erabakitzeko eskubidea herritar guztiona dela benetan sinisten badugu, gai izan behar dugu horrengana jendearengana ere ailegatzea, gure diskurtsoa zein den azaltzeko; euren hizkuntzan, elkartzeko modutan… hor asmatu egin behar dugu. Horrek jende guztiorrek ez dezala ikusi erabakitzeko eskubidea elementu arrotz bat modura, denak barneratzen dituen elementu bat modura baino.
Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta herritarron sasoia dela iruditzen zaigu
Aldaketen artean dinamikak izena ere aldatu du. Zergatik orain Gure Esku?
Etapa berriak berrikuntzak dakartza. Eta horien artean, gure logoa eta izena zer edo zer moldatzea erabaki dugu. Jende askok dinamikari buruz berba egiterako orduan Gure Esku erabili izan ohi du, eta barneratutako erabilera hori oinarrian hartuta egin dugu aldaketa.
Aurrera begira zer nahi duzue egin?
Zera planteatzen dugu: erreferendum baten bitartez erabaki nahi dugula. Sarritan errepikatu izan ohi dugu Gure Esku ez dela jaio erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, gauzatzeko baino. Diskurtso hau gauzatzen ahalegindu behar gara, eta horretarako, benetako jauzi kualitatibo bat ere eman behar dugu orain. Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta herritarron sasoia dela iruditzen zaigu. Garai honetan erabakitzeko eskubidea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Erabakitzeko eskubidea oso garrantzitsua da, eta Gure Eskuk lagunduko du hori gizartetzaren, baina erantzukizuna denona da. Horretarako, erabakitzeko eskubidea egunerokotasunera ekarri behar dugu, arlo guztietara. Eragileekin batu eta denon artean adostu behar dugu herri ekimena zer eta zelakoa izango den.
Etapa berri horri hasiera emateko Egizu posible leloa aukeratu duzue. Zer dago ideia horren atzean?
Etorkizunari begira ikuspegi baikor bat irudikatu nahi izan dugu. Erreferendum bidez erabakitzea posible egiteko, herri ekimena sustatuko dugu. Erreferendum hori egiteko %80a baino gehiago garela irudikatu behar dugu, katalanek bere sasoian egin zuten modura. Guk uste dugu erabakitzeko eskubideagaz bat egiten dutenak horrenbeste bagarela.
Bozkatzea eta hauteskunde batzuk deitzea ez da delitua
Zein da Herrialde Katalanekin duzuen harremana?
Demokrazia dago jokoan. Epaiketa politiko baten aurrean gaude, eta oinarrizko eskubideak daude jokoan. Nahitaez Espainiak Kataluniari irtenbide bat eman behar dio. Bozkatzea eta hauteskunde batzuk deitzea ez da delitua. Eta irtenbide hori erreferendum batetik derrigor pasatu beharko da. Elkartasunetik elkarlanera igarotzeko momentua dela uste dugu. Orain arte Katalunia eta Euskal Herria batzoitza bere aldetik bere bidea egiten aritu dira, baina inork ez dakigu oraindik bi herrik elkar hartuta bide bat egiten zer emaitza eman dezaketen, beti ere, erabakitzeko eskubidea erdian ipinita. Hau orain momentuan Katalunian ari da gertatzen, eta oinarrizko eskubideak defendatu beharra daukagu.
Etapa berri honetan bazkideak gero eta garrantzitsuagoak direla aitortu duzue.
Bazkide kanpaina lehentasun garrantzitsua izango da dinamikarentzat datozen urteetara begira. Ekonomikoki autonomoak gara eta izan nahi dugu. Gaur egun 2.000 bazkide inguru gara, eta zenbat eta gehiago batu, hobe. Eragiteko gaitasun handiagoa edukiko dugu, eta horrenbestez, urrunago eta arinago ailegatuko gara jomugara. Zenbat eta bazkide gehiago izan, gainera, edozeinen aurrean gihar sozial handiagoa duen herri plataforma bat izango gara.
Azkenik, bazkide egin nahi duenak zer egin behar du?
Bazkide egiteko gure web orrian sartu, eta jarraibideak jarraitu besterik ez dago. Bakoitzak nahi eta ahal duen neurrian laguntzeko aukera du; hainbat aukera daude.
OHARRA: elkarrizketa guztia paperean.