Lekeitioko Garraitz irla parke arkeologiko bihurtzeko bidean
Garraitz irla bere osotasunean babestu, zaindu eta interpretatzea da parke natural izendatzearen arrazoia.
Azken urteetan Lekeitioko Atabaka elkartea eta udala, Aranzadi zientzia elkartea eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin pausoak ematen ari dira Garraitz irla balioan jartzeko, eta horretarako irla parke arkeologiko izendatu nahi dute. Garraitz 25 proiektuan orain arte emandako pausoak eta aurrera begirako egitasmoak azaldu zituzten atzo [apirilak 12] Lekeitioko kultur etxean egindako aurkezpenean Guillermo Ruiz de Erentxun Atabakako kideak, Alfredo Moraza arkeologoak eta Anartz Ormaza arkitektoak.
Atabakako kideak argitu zuenez, Garraitz irla bere osotasunean babestu, zaindu eta interpretatzea da parke natural izendatzearen arrazoia. “Parke arkeologiko figura hori lortzen badugu berez lortzen dugu aukera bere osotasunean babesteko, zaintzeko, berreskuratzeko eta bere testuinguru naturalean interpretatzeko. Bere testuinguru naturalean eta aztarna arkeologiko, hondakin, landaretza eta natura aldetik bertan interpretatzeko aukera, ibilbide baten bidez”.
Alfredo Morazak egin du irlaren txosten arkeologikoa eta txosten botanikoa lantzen ari dira bertako natura sakonean ezagutzeko. Txorien hausnarketa, itsas flora eta fauna eta basoa eta arbolak aztertzen ari da talde bat, eta laster amaitzea espero dute.
Gero eta datu gehiago. Alfredo Morazak azaldu zuenez, aztarnak egonkortu eta ikertzen jarraitzea dute asmoa. Ermita eta komentua azaleratzen aritu dira, esaterako, auzolanean. Eta horrela, gero eta datu gehiago lortzen ari dira.
Irla hiru eremu nagusitan banatu dute: ermita, hegoaldean; goiko gotorlekua, erdialdean eta bateria, bolborategia eta kuartela, iparraldean. Lehen eremuan dagoen San Nikolas ermita XV. mendekoa da, 1617 urtean komentu frantziskotarra, 1650 urtean komentu izateari utzi zion eta 1791 harrobi bihurtu zen. Kutsakorrentzat ospitalea ere izan da. “Baselizaren ondoan serora etxea zegoela uste dugu, baina oraindik ez dugu aurkitu”. Horrez gain, kutsakorrak bertara eramaten zituztela jakinda, asko bertan hilko ziren, eta horiek lurperatzen zituzten hilerria aurkitu nahi dute. “XIV. mendeko txanpon bat aurkitu genuen, eta txanpon hori lurperatze bategaz lotuta dagoela uste dugu”. Hilerria non egon daiteken susmoak ere badituzte: “irlaren izkina batean”.
Irlaren erdialdean dago XIX. mendean eraikitako gotorlekua. “Karlistak konkistatu zuten Lekeitio eta erdi eginda geratu zen”. Hirugarren eremua (Bateria, bolborategia, kuartela) 1743 urtean eraiki zuten. 1793 urtean desegin eta kanoiak Lumentzara eraman zituzten. 1795-1812 berreraiki zuten eta 1812 urtean ingelesek erre eta kanoiak itsasora bota zituzten. Berriz berreraiki zuten 1827 urtean eta 1836 urtean karlistek eraldatu zuten. 1837 urtean fragata britainiar batek bonbardatu eta kalte handiak eragin zituen. 1839 urtean behin betirako utzi zuten. Bolborategia altxor txiki bat dela azpimarratu zuen Morazak. “Kostalde osoan ez dago kontserbatuta horrelako beste egiturarik”.
Pausoz pauso. Garraitz 25 “bizirik dagoen proiektua” dela argitu zuen amaitzeko, Anartz Ormazak, eta beraz, urtetik urtera “gauza berriak sortzen” joango direla gaineratu zuen.
Garraitzek paisaia kultural oso konplexua duela esan zuen, garai ezberdinetako egiturez betea, eta beraz, ez dela era automatikoan interpretatzen. Hori da hain zuzen, lortu nahi dutena, jendea irlara joaten denean han dagoena ikusi eta interpretatzeko gai izatea. Horretarako egin beharreko esku hartzea zelakoa izan behar den ere eztabaidatu dute elkarte biek, eta aztarnak egonkortu eta sendotzea, bisitatu ahal izateko egokitzea, eta jendeari aztarna horiek interpretatzen laguntzea erabaki dute. “Aztarnak bere horretan utziko dira. Hau da interbentzio arin bat egingo da”. Horrez gain, bidea moldatu eta elementu naturalen bidez babesak eta informazio panel eta seinaleak jartzea dutela asmoa esan zuen,”irlaren erabilera desberdinak irudikatzeko”.
Egonkortze eta egokitzapen hori guztia pausorik pauso eta urtez urte egiten joango direla argitu zuen Ormazak, “eta ikerketa natural guztiak etengabeak izango dira prozesu osoan”.
Bestalde, Atabakak eta Aranzadik gidatuta azken urteetan egin diren lanak ezagutzeko Garraitz irla bisitatu dute aste honetan Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek.