Emakumeen Master Cup Lekeitiora ailegatuko da domekan
Gero eta indar gehiago hartzen ari den Emakume Master Cuparen lehia ikusteko aukera edukiko dute herriko, eskualdeko eta kanpoko pilotazaleek. Binakako finalista gehienak batuko ditu berriz, torneoak.
Aste Santutan Lekeitiora jende asko hurreratzen dela eta, Lekeitioko Aste Santu Torneoa esku pilota jaialdia antolatu du Lekeitioko Udalak Aberri Egunerako [apirilak 21]. Gaur goizean [apirilak 15] egin dute aurkezpena Lekeitioko udaletxeko osoko bilkura aretoan. Iker Amarika Emakume Master Cup txapelketako zuzendari teknikoak eman ditu azalpenak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Amaia Antxustegi zinegotziak lagunduta.
Emakume Master Cupeko finalistak batuko ditu Lekeitioko Torneoak domekan, 18:00etan, Santi Brouard frontoian. Orain dela gutxi Zumarragan jokatu den Emakume Master Cuparen errebantxa izatea nahi dute. “Emakumeen eskupilota gorantz hasi da eta Lekeitiotik ere bultzada bat eman nahi diogu”, adierazi du alkateak. Prezio sinboliko bat jarri diote troneoko sarrerari, eta lekeitiar, kanpotar eta inguruetako herritarrak torneora joatera animatzea gustatuko litzaieke. “Eskualdeko neska bat daukagu jokatzen eta ea Santi Brouard frontoia betetzeko gai garen”.
Bultzada. Kirol arloan emakumeen presentzia eta parte hartzea berandu eta sailtasun handiak gaindituta etorri dela gogora ekarri du Amaia Antxustegik. “Egun ere emakumezkoen presentzia gizonezkoena baino txikiagoa da, bai aisialdi naiz lehiazko kiroletan baita kirol profesionalean ere. Izan ere, beste esparru batzuetan bezala kirolean ere hainbat traba esplizitu eta inplizitu gainditu beher izan ditugu emakumeok. Alegia, desberdintasuna sorrarazi duten gizarte eta kultura estereotipoen ondoriozko aurreiritziak”.
Kirolean berdintasuna lortzeko aurrerapausoak eman direla uka ezina dela azpimarratu du zinegotziak, “baina oraindik gizarte berdinzale bat lortzeko bidea luzea da”. Eta desberdintasun horiek gainditzen jarraitzeko funtsezkoa dela dio emakume kirolarien lana errekonozitzea eta euren lorpenak ikusaraztea. “Ildo honetatik, Lekeitioko Udalak emakumeen parte hartzea sustatzeko eta emakumeok ere bagaudela aldarrikatzeko Emakume Master Cupa dakar herrira, emakume eta gizonen arteko berdintasuna erreala izan arte emakumeen presentzia, lorpenak eta profesionalatasuna bultzatzen jarraituko dugu”.
Bi modalitate. Emakume Master Cup txapelketarentzat ere Lekeitio bezalako plaza baten jaialdi bat antolatzea garrantzitsua dela azaldu du Amarikak. “Batez ere hasi besterik ez garelako egin proiektu honekin. Gure asmoa pixkanaka-pixkanaka urte osoko egutegi bat finkatzea da, eta, egia esan, eskuz binakakoa amaituta Lekeitio moduko plaza baten horrelako aukera egotea eskertzekoa da”.
Bi modalitate barruan jokatuko da jaialdia. Batetik, eskuz banaka lau t’erdi barruan maila oneko bi pilotari aurkituko dira aurrez aurre: Nagore Aramendi azpeitiarra eta Gentzane Aldai Orozkoko pilotaria. Bigarren partidua, bestalde, eskuz binakako partidua izango da. “Emakume Master Cup Txapelketako errebantxa egitea zen asmoz, baina azkenean Patri Espinarrek ezin izango du jokatu eta bere ordez beste goi mailako pilotari bat etorriko da Yera Agirre”.
Yera Agirregaz batera Miriam Arrillagak jokatuko du, gorriz ariko dira, eta aurkariak Leire Garai eta Leire Etxaniz izango dira. “Leire Etxaniz ezaguna da eskualdeko pilotaria delako, baina, berez, eskuz binakako hiru txapelketak irabazitako pilotaria da eta gaur egun emakumeen esku pilotan erreferentea den kirolaria”. Jaialdi “polit eta erakargarria” dela nabarmendu du Amarikak, eta ikusleek torneo “ezberdin eta berezia” ikusteko aukera edukiko dutela adierazi du.