Maialen Lujanbio: "Euskarak behar du herri honen sistema eragilean"
21.Korrika Gasteizen amaitu zen atzo. Maialen Lujanbio Zugastik irakurri zuen lekukoan 11 egunez bidaiatu duen mezua. Korrikaren azken metroak egin zituztenen artean egon ziren Andoni Seijo lekeitiarra eta Pili Ibarra AEK-ko irakasle gernikarra.
Atzo amaitu zen 21.Korrika eta lekukoaren mezugilea zein izan den ere argitu zen: Maialen Lujanbio Zugasti bertsolaria. Euskal Herriko txapeldunak bertsotan hasi eta amaitu zuen bere mezua, eta hitzetarako, sorkuntzarako duen maisutasuna agerian utzi zuen, beste behin. Klika sistema eragilean. Horixe da erronka. Klika egunerokoan. Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri mugimenduak eragin. Erakundeek eginarazi. Egin, eragin, eginarazi.
Andra Mari Zuriaren plazan egin zuten amaiera ekitaldia. AEK-ko kideek egiten dituzte beti Korrikaren azken pausoak, eta atzoko ordezkarien artean egon ziren Andoni Seijo lekeitiarra eta Pili Ibarra gernikarra. Mikrofonoa eskuan hartuta, eta oinez, Seijok azken metroak animatu zituen. Zuzendaritza batzordeak beti egiten ditu azken metroak, eta herrialde bakoitzetik bina ordezkari izan zituzten alboan; denek txandaka eroan zuten lekukoa. Ibarrak Iñaki Urkijo AEKko koordinatzaile santurtziarragaz partekatu zuen lekukoa.
Mertxe Mugika AEKren Koordinatzaile Nagusiak 11 egunotan klika egin duten ehunka milaka herritarrak zoriondu eta eskertu zituen. “Gogora ekarri nahi ditugu aurreko Korrikatik hona galdu ditugun AEKideak, Marian Leon (Ondarroa) eta Uxua Larretxea; haiei eskaini nahi diegu, zalantza barik, egin dugun lan ederra eta lortu dugun Klika erraldoia! Gaurko hau eta azken hilabeteak historikoak izan dira guretzat! Izan ere, Euskal Herriak KLIKA egin eta konpromisoa hartu du. Hautua egin dugu guztiok, eta ez edozein hautu: euskaraz bizitzeko erabakia hartu dugu!”.
Lujanbiok mezuan aitatutakoari keinu eginez, Mugikak esan zuen Euskal Herri euskalduna erdiesteko sistema eragilean egin behar dela Klika. “Eragiten duten toki guztietan klika egitea, baina, erraza bezain nekeza izan daiteke”, zehaztu zuen. Hori lortzeko, bidea argi daukate: “Norbanakook egin, eragileek eragin eta administrazioek eginarazi. Geuk erabakiko dugu nola egin, hartzen ditugun konpromisoen arabera”.
21. Korrikak aro berri bati eman dio hasiera, eta aro berri horrek lan egiteko molde berria ere ekarri behar duela azpimarratu zuen, elkarlanean eta lidergo partekatuan oinarritutakoa. “Horrela, oraindik ametsak baino ez direnak egia bihurtzeko bidean jarriko ditugu, hizkuntza-politikak elkarrekin eta elkarlanean adostuz, zehaztuz eta ezarriz. Bi urte barru, 22. Korrikan, oraingo Klikek zer eman duten eta zer bide egin dugun ikusteko eta baloratzeko aukera izango dugu. Euskara unibertsala bihurtzera goaz, beraz, eta horretarako bidea markatua dugu: ez dakienak ikasteko klika; dakigunok erabiltzeko klika; eragileok antolaketan klika, eta administrazioek erabakietan eta baliabideetan klika. Horixe da gure konpromisoa”.
Balorazioa. Atzoko ajea pasatu barik, AEK-k gaur egin du 21. Korrikaren balorazioa, Gasteizko Artium museoan; Mertxe Mugika AEKren koordinatzaileak eta Asier Amondo Korrikaren arduradunak hitz egin dute. Balorazio ona egin dute. Nabarmendu dute “handitzen” ari dela parte hartzean eta jarraipenean, eta erakutsi duela “euskaraz bizitzeko nahia”. Eragileek eta erakundeek konpromisoak hartu izana txalotu dute.
Lasterketak jasotako babesa nabarmendu dute. Babesa, batetik, herritarrena, gero eta jende gehiago biltzen baita; babesa, bestetik, jarraipenean, hedabideetan eta sare sozialetan. Mugimendua sortu du Korrikak. “Tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko dugu euskara sistema eragilean guztiz txertatuta egon dadin”.
Aurtengo Korrikaren legatuari dagokionez, bi nabarmendu dituzte. Bat, Lujanbioren mezu sakona: egiteko, eragiteko eta eginarazteko deia. Bestea, 50 eragile eta erakundek hartutako konpromisoak, datorren Korrika baino lehen zer neurri hartuko dituzten sinatu izana.