Hamazazpi zaldiren arteko lehia hartuko du Karraspiok
Eguenean lehiatuko dituzte Mendexako Zaldi Lasterketak. Bestalde, Txus Jaio pilotuak eta Iker Mintegia moto gidariak ikuskizuna eskainiko dute.
Aste Santuko oporraldiagaz batera, badatoz Mendexako Zaldi Lasterketak. Eguenean (apirilak 18) lehiatuko dituzte, eta hamazazpi zaldi batuko dira aurten.
Lasterketa “berezi bezain ikusgarria” antolatu dutela adierazi dute Kuku Habixa Kultur Elkartearen ordezkariek: “11 zaldi izango dira odol garbiak mailan eta 6 zaldi gurutzatuak mailan”.
Sariak. Odol garbietako irabazleak txapela, Mendexa-Laperri garaikur berezia eta 300 euro jasoko ditu. Gurutzatuetako txapeldunak garaikurra eta 150 euro jasoko ditu.
Odol garbietan bigarren sailkatuak 250 euro irabaziko ditu, eta hirugarrenak 200 euro. Gurutzatuetan bigarren postua lortzen duenak 100 euro jasoko ditu, eta hirugarrenak 75 euro. Era berean, gainontzeko parte hartzaileek ere diru saria jasoko dute.