Isuntzako haurren mutil taldea, nagusi Euskadiko Batel Txapelketan
Talde lekeitiarrak brontzezko dominak irabazi ditu gizonezkoen kadete eta gazte mailetan, eta emakumezkoen kadete taldea laugarren sailkatu da.
Euskadiko Batel Txapelketaren finalak jokatu zituzten Legution, domekan, eta Isuntza Arraun Elkartearen haurren mutil taldea onena izan zen bere kategorian. Lau minutu, 41 segundo eta 76 ehunenetan burutu zituztne lanak arraunlari lekeitiarrek, eta Zumaia TD (zortzi segundo eta 99 ehunenera) eta Tolosa AK (hamalau segundo eta 32 ehunenera) sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Lekeitioko taldea izan zen finalera sailkatzea lortu zuen eskualdeko talde bakarra, Ondarroa AE eta Lea Arraun KE kontsolazio txandagaz konformatu behar izan ziren.
Isuntzakoak beste bi podiumetan ere sartu ziren. Hain zuzen, brontzezko dominak irabazi zituzten gizonezkoen kadete eta gazte mailetako taldeek, eta bestalde, emakumezkoen kadete taldea laugarren sailkatu zen.
Zumaiarrak izan ziren azkarrenak gizonezkoen kadete kategorian: 07:00.52. Alde estuagaz, Tolosa AK geratu zen txapeldunorde; segundo bat eta 82 ehunenera sailkatu ziren tolosarrak. Lekeitiarrak, berriz, irabazleengandik bi segundo eta 18 ehunenera geratu ziren. Maila bereko nesken lehian, Kaikuk irabazi zuen urrezko domina, baina, dema estua izan zuen Orioko taldeagaz; 07:40.98 denbora egin zuen Kaikuk, eta 45 ehunenera sailkatu zen Orio AE. Atzetik, lau segundora geratu zen Koxtape eta Isuntza AE sei segundo eta 60 ehunenera sailkatu zen.
Mutilen gazte mailan, ostera, Zierbena AE nagusitu zen, 09:04.93 denboragaz. Pasai Donibaneko Koxtape sailkatu zen atzetik, hiru segundo eta 24 ehunenera. Isuntza zortzi segundo eta 78 ehunenera geratu zen
Kontsolazioa. Bestalde, kontsolazio txandari dagokionez, ondarrutarrak nesken haur, kadete, gzte eta absolutu kategorietan sartu ziren. Haurretan eurek egin zuten denborarik onena: 05.07.97. Eta Isuntza AE sailkatu zen bigarren, lau segundo eta 63 ehunenera. Gazteetan hirugarren geratu zen Ondarroa AE (Lutxana AE eta Getaria AEren atzetik), eta kadeteetan eta absolutuetan laugarren sailkatu zen.
Lea Arraun KE, ostera, gizonezkoen haur kategorian lehiatu zen, eta hirugarren sailkatu zen. Orio AE nagusitu zen, lau minutu, 44 segundo eta 13 ehunen eginda. Koxtape lau segundo eta zortzi ehunenera sailkatu zen, eta Lea Arraun bost segundo eta 36 ehunenera.