Ispasterko Udalak lagunkoitasun ekintza planari ekarpenak egiteko aukera zabaldu du
Herritarrek udaletxean utzi ditzakete euren proposamenak, edo bestela, posta arruntez zein posta elektronikoz bidali. Apirilaren 29a arteko epea jarri dute.
Ispaster adin guztientzako herri adeitsua bihurtzeko bidean, Lagunkoitasun Plana gauzatzen ari dira, eta orain, herritarrek plan horri ekarpenak egiteko aukera dute. Hori egin nahi dutenek, udaletxera eroan ditzakete euren proposamenak, edo bestela, posta arruntez zein posta elektronikoz bidali ahal dituzte.
Apirilaren 29an (astelehena) bukatuko da ekarpenak jasotzeko epea. Hori gauzatzeko lagungarri dituzte dokumentuak udalaren webgunean. Ekintza Plana eta diagnostikoa irakurgai jarri dituzte.
Hain zuzen ere, orain arteko lana egiteko herritarren parte hartzea eta konpromisoa izan dituzte bidelagun, eta aurrerantzean ere ildo horri jarraituta ariko dira. Proiektua gauzatzerakoan burutu dituzten prozesu guztietan bizilagun askoren inplikazioa “apartekoa” izan dela azpimarratu du GarbiƱe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak.
2017an hasi zuten Ispaster adin guztientzako herria bihurtzeko prozesua. Talde Eragilea osatu zuten eta nagusienganako lagunkoitasun mailaren diagnostikoa egin dute. Orain, “hobetu beharrekoak hobetzeko” Ekintza Plana diseinatu dute. Hala, ekarpenak egiterakoan, herritarrek ekintzak aldatzeko, egokitzeko zein berriren bat proposatzeko aukera dute.