Lekeitioko Tximista atletismo taldeko lehendakaritza utzi du Eneko Atxak
Atletismo taldeak zuzendaritza talde berria osatzeko pausoak emango ditu orain; azaroaren 1ean hasiko den 2019-2020 denboraldirako zuzendaritza batzorde berria edukitzea dute helburu.
Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeak jakinarazi duenez, lehendakari izateari utziko dio Eneko Atxa Castrok. “Zuzendaritzan burutzen zituen lanei uko egitea erabaki du, arrazoi pertsonalak argudiatuz”. Atxa hamairu urtez izan da lehendakaria, 2006 urtetik.
Kargu uztea dela eta, egungo zuzendaritza batzordeak hausnarketa eta talde berri bat osatzeko pausoak emango dituela azaldu dute, Xabin Lauzirika lehendakari ordea buru dutela, eta azaroaren 1ean hasiko den 2019-2020 denboraldirako zuzendaritza batzorde berria edukitzea dute helburu. “Horretarako adinez nagusi diren bazkideei zein taldean dauden ume eta gazteen gurasoei beharrezkoa zaien informazioa luzatuko zaie datozen hilabeteetan”, argitu dute.
Tximista Atletismo taldeak 30 urte beteko ditu aurten, eta aurreratu dutenez ekainaren 16ko asteburuan ekintza ugari egingo dituzte urteurrena ospatzeko. “Urte hauetan guztietan Lekeitio eta Lea-Artibai eskualdeko herri guztietako gazte kirolariei eskainitako kirol zorzgarri hau luzaroan eskaintzen jarraitzea da arduradun taldearen helburu nagusia”.
Eneko Atxa lehendakari ohiari urte hauetan guztietan egindako lana, ardura eta dedikazioa eskertu diote. “Zorterik onena opa diogu etapa berri honetan”.