Apirilaren 28an egingo dute Boga! mendi martxa
Webgunean aurretiaz izena eman nahi dutenek, apirilaren 26ra arte egin dezakete. Era berean, egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da.
Mendigoizaleek Ondarroa inguruko paisaiak eta toki bereziak ikustea eta ezagutzea eta mendizale guztientzako jaialdi bat ospatzea eta haur zein nerabeei mendiak duen ezaugarri positiboak erakustea asmo ditu Boga! mendi martxak, eta horixe eskainiko du apirilaren 28n (domeka).
Adin tarteetara zein forma fisikoetara egokitutako proba da. Izan ere, beste behin hiru ibilbide prestatu dituzte: 54 km-koa, 24 km-koa eta 11km-koa. Hain zuzen, Euskal Herriko Iraupen Luzeko Zirkuiturako baligarria da proba.
Martxaren wegbunean aldez aurretik izena emateko aukera dago, apirilaren 26a arte (barikua). Egunean bertan, ibilbide bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago ere izena eman ahalko da. Aurretiaz izena emanez gero, ibilbide luzeko eta motzeko parte hartzaileek 13 euro ordainduko dituzte (txartel bidez webetik); egunean bertan, ostera, 15 euro. Ibilbide txikia egiteko, berriz, 14 urtera artekoek 5 euro ordainduko dituzte eta nagusiek 10 euro.
Irteera-orduak. 54 kilometroko ibilaldia egiteko 07:00etan aterako dira Zubi Zahar ikastolatik. Parte hartzaileek 2.400 metroko desnibel positiboari aurre egin beharko diete. Gutxi gorabehera 12 ordutan egin ohi dute ibilbidea, eta Kalamendi (315m), Kalamua (768m), Arno (618m) eta Tontorramendi (368m)zeharkatuko dituzte.
Motzekoek 08:30ean dute irteera-ordua, eta bost ordu eta erdian egiteko modukoa den ibilbidean 800 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute; Kalamendi eta Tontorramendi igoko dituzte. Txikikoak, 10:30ean irten, eta hiruzpalau ordutan burutuko dute (400m desnibela). Horiek Kalamendira egingo dute ibilaldia.
“Betiko moduan jarraitzen dugu, eskaintza zabala ematen. Bideetan ukitu batzuk egin ditugu, beti ere hobekuntza lortzeko”, azaldu du Fede Arantzamendi Aurrera mendi taldeko kideak. Espainiako hauteskundeak diren arren, aurrera egitea erabaki zuten, eta jendea parte hartzera animatuko dela uste dute. “Izen ematea badoa aurrera. Gehienbat azken astean izena ematen dute. Azpimarratu nahi nuke beti ere hobeto izaten dela Internet bidez izena ematea, denontzat hobe da, batik bat antolakuntzarako. Hala ere, egunean bertan izena eman daiteke eta hori egiten dutenak ere gustura hartuko ditugu”.
Ohi legez, kontrol guneetatik pasatuko beharko dira parte hartzaileak, eta bertan agertzen diren orduak errespetatuko dituzte (webgunean zehaztuta agertzen dira kontrol ordu tarteak). Gogora ekarri dute, kontrolak errespetatzen ez dituztenak kanporatu ahalko dituztela arduradunek. Halaber, martxa egiten jarraitu ezin dutenek 655 72 15 17 telefono zenbakira deitu edo antolatzaileei txartela eman beharko diete. Zehaztu dutenez, hornidura postuetan ibilgailuak egongo direnez, horiek izango dira erretiratzeko leku egokienak.
Aurrera mendi taldeko kideek, bezperan lo egin nahi dutenentzako gela bat prestatuko dute. 20 pertsonarentzako koltxoiak jarriko dituzte, eta beraz, koputu hori betez gero, gainerakoek, bakoitzak bere esterila eraman beharko dute. Erreserba egiteko honako telefono zenbakira deitu behar da: 658 70 56 67 (Amaia Txakartegi).
Furgonetetan lo egiteko aparkalekua ere egokituko dute, eta martxaren egunean gosaria emango diete irteera puntuan (doan). Dutxatu nahi dutenentzat ere zerbitzua eskainiko da, bai helmuga puntuan, baita Ondarroako kiroldegian ere.