Lekeitioko Tximista atletismo taldeko Alaine Imaz, Euskadiko txapeldun
Gasteizen lehiatu diren Euskadiko Txapelketan emaitza onak eskuratu dituzte Tximista atletismo taldeko kirolariek.
Gasteizko Mendizorrotzako atletismo pistan lehiatu den Euskadiko Proba Konbinatuen txapelketan lehiatu dute Tximista atletismo taldeko kirolariek, eta emaitza oso onak lortu dituzte. Alaine Imaz Kortazar kadete mailako Euskadiko txapelduna izan da 2.796 puntu lortuta, eta Nora Agirre Castrok brontzezko domina lortu du.
Guztira sei proba egin behar izan zituen Imazek (Hexatloia), eta proba guztietan bere marka hoberenaren inguruan ibili dela azaldu dute Tximistakoek, bateren bat hobetzea ere lortu duelarik. “100 metro hesiak 17.49 denboran osatu zituen, pisu jaurtiketan 9.69 metroko marka egin zuen eta jabalina jaurtiketan 24.46 metrokoa”.
Agirrek, berriz, gazte mailan lehiatu du. “Fin ibili da eta marka pertsonalak lortu ditu”. Altuera jauzian, esate baterako, 1.48 metroko saltoa eman zuen. “Azken probara arte 3. postua jokatzen ibili eta gero, 800 metrotan eustea eta laugarrenarekin tartea zabaltzea lortu zuen”.
Proba konbinatuak atletismo barruan dauden espezialitate gogorrena izanda, gazte bi horien lana eta esfortsua nabarmendu dituzte taldeko arduradunek. “Pozik eta ilusioz beteta bueltatu dira, eta hurrengo helburuak lortzeko lanekin jarriko dira berehala”. Txapelketan parte hartu duten gazte guztiak zoriondu dituzte bai eta ere, eta, aldi berean, lanean jarraitzera animatu dituzte.