Markina-Xemeingo Udalak herriko saltoki txikiak babesteko neurriak hartuko ditu
Saltoki txikietan erostera animatu eta herriko dendari eta ostalarien elkarteak antolatutako ekimenak diruz lagunduko dituzte besteak beste.
Merkataritza txikiak bizi duen egoera kezkagarriaren aurrean, eta saltoki txikiek herriari egiten dioten ekarpena balioan jarri nahian, merkataritza txikia babesteko hainbat urrats ematea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak.
Alde batetik, udalaren diru-laguntzak jasotzen dituzten herriko talde eta elkarteei euren ekintzak antolatzeko beharrezko materialak, ahal den neurrian, herriko saltoki txikietan erostea eskatuko diete aurrera begira. “Urrats txiki bat baino ez da honakoa baina, udalaren iritziz, asko egin dezake herriko saltoki txikiak babesteko ahaleginean”, esan dute.
Bestalde, Hemen Be Bai merkatari elkartearen dinamizazio lana ordainduko dute aurrerantzean. “Elkarteko bi pertsona arduratuko dira zeregin horretaz”.
Horrez gain, orain dela urtebete martxan dagoen turismoari zuzendutako webgunea herriko merkatari txikien erakuslehio erakargarria izatea lortu nahi dute. “Horretarako, Turismo Mahaiarekin elkarlanean, webgunea etengabe osatzen eta hobetzen joateko konpromisoarekin bat egiten du Udalak, eta hobekuntza horien artean herriko saltoki txikiei ere egingo zaie keinurik”. Horrela, webgunean bertako produktuei eskaintzen zaien tokiaz gainera herriko oroigarrien eskaintzari ere aparteko txokoa eskainiko diote hemendik aurrera.