EAJ izan da alderdi bozkatuena Lea-Artibain eta Mutrikun
Lea-Artibai eta Mutrikun jeltzaleak 7.520 botogaz nagusitu dira, eta EH Bilduk 7.335 eskuratu ditu. Parte hartzea nabarmen igo da Lea-Artibain eta Mutrikun. Hala, 2016an %33,13ko abstentzioa edukitzetik aurten %24,25era jaitsi da.
Espainiako Gorteetarako hauteskunde orokorretan EAJ izan da alderdirik bozkatuena Lea-Artibai eta Mutrikun; jeltzaleak 7.520 botogaz nagusitu dira, eta EH Bilduk 7.335 eskuratu ditu.
Hirugarren alderdi bozkatuena, 2015eko hauteskundeetan gertatu legez, Elkarrekin Podemos koalizioa izan da. Lea-Artibai eta Mutrikun EH Bildura bueltatu dira orain hiru urte galdutako boto asko eta asko.
Emaitzak herrika aztertuz gero, Lea-Artibain eta Mutrikun EAJ nagusi izan da zortzi herritan: Amoroto, Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa eta Mutriku. EH Bildu, ostera, ondokoetan nagusitu da: Aulesti, Gizaburuaga, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar.
Azpimarratzekoa izan da bi alderdi bozkatuenen arteko aldea oso txikia izan dela Munitibarren; EH Bilduk jeltzaleek baino bi boto gehiago eskuratu dituzte. Bi alderdien arteko ezberdintasunik handiena Ondarroan egon da; EH Bilduk 411 boto gehiago eskuratu ditu. Markina-Xemeinen bi alderdien arteko boto tartea handitu egin da. 2016an 278ko tarteagaz nagusitu ziren jeltzaleak, eta aurten EH Bilduk baino 372 boto gehiago eskuratu dituzte. Lekeition 102 botoko aldea egon da, eta Mutrikun 95 botokoa.
Parte hartzea nabarmen igo da Lea-Artibain eta Mutrikun. Hala, 2016an %33,13ko abstentzioa edukitzetik aurten %24,25era jaitsi da. Eta parte hartzeak gora egin duen heinean, bi alderdi bozkatuenek eta PSE-EEk ere boto gehiago eskuratu dituzte; alderdi sozialistaren boto kopurua nabarmen igo da herri guztietan. Bestelakoa gertatu da Elkarrekin Podemosekin. Azken horrek botoak galdu ditu herri guztietan. Eta Ziortza-Bolibarren ez ezik, Alderdi Popularrak ere herri guztietan galdu ditu botoak.
Oro har, Lea-Artibain eta Mutrikun herri bakoitzean hamar puntu igo da parte hartzea. Markina-Xemeinen igo da parte hartzea gehien, 13,27 puntu.
VOX eskuin muturreko alderdiari dagokionez, Espainia mailan bosgarren bozkatuena izan bada ere, Lea-Artibain eta Mutrikun guztira 59 boto eskuratu ditu: 19 boto Ondarroan, 14 Lekeition, hamarna Markina-Xemeinen eta Mutrikun, 4 Ispasterren eta 2 Berriatuan.
Madrilera erabakitzeko. EAJk Espainiako Gorteetarako lortutako emaitzak oso onak izan dira. Pozik agertu dira euskal herritarrek emandako babesagaz. Bai Senatuan eta bai Kongresuan ere, Talde Parlamentario bana edukitzeko moduko ordezkaritza lortu dute, bederatzi eta sei eserlekugaz, hurrenez hurren. Kongresuan bi eserleku lortu ditu EAJk Gipuzkoan, 2015eko ekaineko hateskundeetan egin modura. Joseba Agirretxea ondarrutarrak diputatu kargua hartuko du berriro, eta pozik dago horregatik: «Oso pozik gaude lortu ditugun emaitzekin, batez ere botoetan eta jesarlekuetan igo garelako. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan alderdirik bozkatuena izan gara, lehen indarra. Oso garrantzitsua da indar abertzale batek hauteskunde orokorrak irabaztea».
Idoia Sagastiabal Urionabarretxea lekeitiarrak ere diputatu kargua berretsi du Bizkaitik. Hiru diputatu izango ditu EAJk lurralde horretatik: Aitor Esteban eta Josune Gorospe izango dira beste biak.
Idurre Bideguren zen EH Bilduren bigarren hautagaia Bizkaitik, baina ez du lortu jesarlekurik: Oskar Matute izango da koalizio abetzaleak Madrilgo Kongresuan Bizkaia ordezkatuko duen hautetsi bakarra.
Orain, maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira daude: «Gorteetarako hauteskundeak deitu orduko maiatzekoak prestatzen hasita geunden. Etxeko lanak ondo eginda ditugu. Ahaleginduko gara hauteskunde orokorretan hain emaitza onak izan ez ditugun lekuetan lana ondo egin eta herritarren konfiantza irabazten».
Maria Dolores Etxano ondarrutarrak senatari izaten jarraituko du beste legegintzaldi batez, eta Euskadik Madrilen ahotsa izaten jarraituko duelako oso pozik dago: «Muturreko eskumak ez du emaitza onik izan gurean. Hemengo botoa abertzalea izan da, eta hori poztekoa da. Pozik nago Euskadigaz. PSOE eta Ciudadanos batzeko arriskua dago, eta hurrerago geundeke batura hori egongo ez balitz».