Errenta aitorpena euskaraz egitearen garrantzia berretsi dute eskualdeko hiru udal nagusiek
2018ko Errenta kanpaina eguenean [maiatzak 2] hasiko da Bizkaian, eta errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute Lea-Artibain, Uemako beste herriekin batera.
Eskualdean ahalik eta euskarazko errenta aitorpen gehien lortzeko, Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen batera abiatu dute kanpaina estreinako. “Aurtengo kanpaina berezia da eskualdeko hiru herri handienak batu garelako. Beraz, esateko moduan gaude eskualdean ez dagoela batere trabarik aitorpena euskaraz egiteko”.
Kanpainagaz bat egin duten hiru udalek, lau finantza erakundeek (BBVA, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Caixabank) eta zazpi aholkularitzek (Torrealdy, Fideslan, Felix, Bideratzen, Urregarai, Ausan eta Lagunkor) gaur [apirilak 30] sinatu dute elkarlanerako konpromisoaren hitzarmena Ondarroan. “Hitzarmen honen helburua da bakoitzak bere esparrutik ahalegina egitea herritarrek euskaraz egin dezaten errenta aitorpena, euren egunerokoan beste gauza guztiak egiten diren bezala, naturaltasun osoaz, erraz eta traba barik”.
Datuak kontuan hartuta, urterik urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarrak. “Hemendik aurrera goranzko bideari eustea da helburua“. Lea-Artibaiko udalerriak euskaraz aitorpen gehien egiten dituzten hamabi herrien artean daude Bizkaian, hain zuzen. Ondarroan, esaterako, herritarren %45,10ak euskaraz egin zuen errenta aitorpena iaz. Lekeition eta Markina-Xemeinen, berriz, herritarren %34,5ak eta %24,4ak egin zuen euskaraz, hurrenez hurren. “Goranzko joera sendoagoa da kanpainaren inplikazioa handiagoa izan den tokietan, besteak beste, aholkularitza eta entitateen lanarengatik. Gutako bakoitzak errenta aitorpena euskaraz egiten dugun bakoitzean ari gara laguntzen administrazioa euskalduntzen. Hori positiboa da”.
Azkenik, etxera eginda ailegatzen diren autolikidazio proposamenetan ahalegin berezia egitea beharrezkoa dela gogorarazi dute. “Aldundiak eginda bidaltzen dituenez komeni da begiratu bat eman, eta konturatzea zer hizkuntzatan dagoen. Gazteleraz badago, Aldundira deitu behar da euskaraz jaso nahi dela esateko, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko ditu”.